Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Arrieta

 

      Harri gainean, harrizko muino batean egina egotearen arrazoia izan daiteke (H)Arrieta izena jartzearen arrazoia. Halaxe esan ere digu bertako alabak. Sorgintxulo etxetik gora, bostehun metrora, Hernanitik Donostiara doan zirkuituko errepide berriaren eskuin aldera eta Antziolatik Galarretara doanaren ezkerretara, bien erdibidean, herriari so, honen zelatari bailitzan. Agidanez, baserri hau beste etxerik ez zegoen inguruan eta horregatik jendeak “Arrietako zubia” deitzen zion, Hernani eta Urnietarako bidegurutzean eraiki zuten zubiari.

      Bi isuriko etxe handi zabala da Arrieta baserria. Hegoaldera begira, bertatik zuten sarrera nagusia bi bizitzek. Goitik behera erdi-erditik erdibituriko etxea da, eta ohiko baserriak baino zertxobait garaiagoa. Metro asko ditu luzeran nahiz zabaleran eta egun ia desagerturiko harresia zuen etxea inguratuz.

      Ekialdera dagoen etxebizitza erabat erre zen 1960. urtean, Urte Zaharretik Urte Berrirako gauean. Berria eraiki zuten, baina lehenagoa bezalakoxea jaso zuten Udalak hala aginduta, hau da, goitik behera erabat zurezkoa, kanpoko lau hormak izan ezik. Gaur egun, etxebizitzak egin dituzte baserrian bertako seme-alabentzat, alde batean zein bestean.

 

ZUBITUR ARRUABARRENA Familia

      Pedro Arruabarrena eta Felipa Izagirre (100 urterekin hila) ziren nire berriemailearen aiton-amonak. Antza denez, Feliparen anaiarena zen baserria eta inguruko lur asko ere, eta aipatu anaia Ameriketara joan zenean, arreba txikiari utzi zion Arrieta. Senar-emazteok bi seme, Joxe Domingo (ezkonge) eta Frantzisko, eta alaba (txikitan hila) izan zituzten. Frantzisko Berastegiko Antonia Zabala gaztearekin ezkondu eta Joana (75 urte orain) eta Pedro (ezkonge) ekarri zituzten mundura.

      Joanak, Fermin Zubitur, “Artzabaleta, Zubieta auzoko azken baserrikoa” hartu zuen senartzat duela berrogeita hamar urte, San Martinetan hain zuzen, eta horixe ospatzekotan dira asteburu honetan osasunak orain arte bezala laguntzen badie. Bost seme-alaba izan: Narziso, Maria Luisa, Joan Mari, Tomas eta Arantza. Gazteena izan ezik guztiak Arrietan bizi dira eta dagoeneko zortzi biloba ere badituztela jakinarazi digu.

      Hamaika gaitz, estualdi, eta kezka pasatutakoa dela esan dit nire berriemaileak. Aita gazterik galdu zuenez, sei urte zituenerako hasia zen amarekin Donostiara joan eta marmita txiki batean esnea hartu eta hartzaileei esnea partitzen, ama San Martin plazan barazkiak saltzen geratzen zen bitartean. Hala ibili zen ezkondu arte; orduan, senarrak Luzuriagan lana egiten eta bera haurdun gelditu zenez, utzi zion merkatura joateari.

      Ama perlesiak jo eta handik dozena bat urtera hil zen 73 urte zituela. Bien bitartean, eta gorago aipatu bezala, suak hartu zuen baserria, gauean, denak lotan zirela eta ama zena konturatu omen. Behiak ez beste guztia galdu zuten. Joana bera haurdun, Buenos Aires auzora joan ziren senar-emazteak seme-alaba birekin, beste bi, koinata baten etxera eta behiak Joxe Enporruren etxean. Ondo gogoan du Tomas semeak, bi urte orduan, zer nolako negarrak egin zituen bularraldea txinpartaz erreta.

 

IZAGIRRE Familia

      Tolosatik etorri omen Roke Izagirre Jauregi eta Paskuala Irura Berakoetxea aiton-amonak, eta beren hiru semeak, Joxe Mari (7 urte orduan), Pako eta Bitoriano (gerran hila), alaba, Jertrudis (gaztetxo zela hila), eta hauen aitona, gure solaskidearen birraitona. Joxe Mari Zegamako Joxepa Apaolaza Otaegirekin ezkondu eta Ramon, Mari Karmen, Gabriel eta Joantxo seme-alabak izan zituzten. Mari Karmen alaba ezkondu zen etxera, Joan Poza donostiarra senartzat hartuta, “ama emakumezko bakarra etxean ez gelditzearren, etxean aski lan izaten baitzen halako koadrilarekin” esan digu. Bi alaba izan dituzte, Lurdes eta Gema.

      Egun, baserriaren aldamenean eraikitako etxe berrian bizi dira hauek, eta ama, Joxepa, kontu hauek idazten ari naizen egun hauetako batean hil dela esan behar dut. Anaia gaztea, Joantxo geratu da baserrian bizitzen, Rosa Mari Basterra, Txile aldera joandako bizkaitar baten alabarekin ezkonduta.

      Aita beti baserrian aritu zen lanean, baina 66 urterekin hil zen, eta anaia zaharrena, Ramon, kanpora ezkondutakoan utzi zioten baserrian lan egiteari. Bitartean, ordea, esnea eta baratza asko egiten zutela esan digu Mari Karmenek. Ama goizean Donostiako merkatura eta arratsaldean harako gauzak prestatzen, eta bere ardurapean otorduak, arropak, garbitasuna, eta etxe barruko gainerako lanak. “Arrietako iturrira” arropa garbitzera, etxera ura jarri aurretik; ur ona eta nahikoa nolanahi ere, eta gaur oraino bertatik hartzen dute.

      Gaztetako garaiak gogora, dolarea bazuten Arrieta baserrian eta han eguna pasatzen omen ingurukoek artean Sorgintxulo taberna ez zenean. Janaririk ez zuten ematen, alabaina, batzuk etxera bazkaltzera eta beste batzuk etxetik ekarrita, bertan ematen zuten eguna kartetan, musean jolastuz eta sagardoa edanez.