Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Lonja

 

      Ez zuen gaurko lonja zenbaitek duen halako bolumenik izango, edo bai, baina garbi dago zein zen etxe edo eraikin honen zeregina garai batean hor kokatzen zen portuaren baitan: merkataritza, trukea, salmenta... Aspaldi bukatu zitzaion bere zeregina portuari eta... lonjari, portuarekin batera. Zeregin horren izena gordetzen du soilki etxeak, Lonja etxeak orain.

      Harrizko etxea, dotore gelditu da azken berrikuntzarekin, ekialdera fatxadan bi balkoi erakutsiz, txikia behean, handiagoa goian.

      Manoli etxekoandrea nire solaskideak ezagutu zuen amona, Joxepa Aizpurua Aizpuru zena. Gurasoak, berriz, Asentsio Barrenetxea Aizpurua bertako semea aita eta Joxepa Lasarte Kortadi, Urnietako Altzibar baserriko alaba, ama. Senideak: Julian, Manoli, Iñaki, Kontxi eta Kristina.

      Azken batean, Manoli gelditu zen etxean aitarekin, zeren aski gazterik hil baitzitzaien ama. senarra Mariano Lekuona Borraz, errenteriarra. Hiru seme izan dituzte: Xabier, Iñaki ( 8 urte zituela min biziarekin hila) eta Julen. Orain, Mariano eta Manoli senar-emazteak bizi dira Xabier eta Julen bi semeekin Lonja etxean.

      “Txikia nintzala zer, galdetzen dezu? Ez naiz gauza asko gogoratzen. Oso 'mañosa' nintzala esaten zuten”.

      Txikitan nahiko komedia izan zuen, agidanez. Ume gozakaitza, 2 urte baino ez zituela Ormazarreta baserrira (Urnieta, familiartekoa) eraman zuten eta hantxe egin zituen 11 urte bitarteko urte eta egunak. Hala, bi ama izan omen, hangoa Joxepa eta etxekoa Joxepa.

      Eskola ere Xoxokako eskolan Pepita maistrarekin. Euskara egiten bazuten eskuko hatzak bilarazi eta makilarekin zarta. Erabat sendatu zen haurra han eta orduan itzuli etxera.

      Lonja etxean, etxetik at, edo hobe, etxearen biran zituzten (orain Leoka alderako bidea) zerrategia eta ukuilua. Bata, menditik su egurra ekarri, bertan zerratu edo txikitu eta saltzeko. Behi pare bat ukuiluan, etxerako esnea izatearren, eta baratzea, etxerako hainbat hau ere.

      Mariano senarrak hondeamakinarekin lan egiten du. Xabier eta Julen ere lanean ari dira.