Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Portu auzoa | Aldagaia | Argindegi

 

Aldagaia

 

      Bertako nagusi den Joxek Aldagaia dela dio eta ez Aldaiaga. Horretarako etxea erosi zeneko eskritura atera dit lehengo izena, dagoen dagoenean, eta berau eskritura zaharretik kopiatua dela baieztatuz. Esanahiari dagokionez, zera zioen, gaiak, lehengaiak (harria, zura...) ibaitik ateratzen zirenez orduan, ikusi besterik Portu auzoko etxe antzinakoenak (eta Aldagaia bera) erreka harriz eginik daudela. Izan liteke. Alde eta gaia hitzak, konposatzean aldagaia eman izatea. Izan liteke baita bertako portuan kargatzen eta deskargatzen ziren lehengaiekin ikustekorik izatea ere.

      Elizatxotik behera Portu auzora jaitsi, trenbidearen azpiko zubia pasatuta bidearen eskuinean daukagu Aldagaia etxe zabal handia. Noizbait erre izana denaren berri badu. Dena den, duela 76 urte hiru urteko haurra zela, etorri omen zen bere familia Aldagaia baserrira. Etxe ederra, jauregi airekoa bere garaian, ez da dudarik, gerora, bizileku koxkor bat egiteko ezker hegala luzatu zitzaiolarik.

      Ama, Kontxesi Iturralde Otxotorena zen, Sorozabal baserriko (gaur desagertua) alaba. Aita, Felipe Erretegi Berra, Ainhoako semea. (Egungo familiak Retegi deitura erabiltzen du). Gurasorik gabe gelditu zirenez, bi arrebak Donostiara neskame eta anaia Artola baserrira (Astigarraga) osabarengana eta handik Hernaniko Portalondo-Enera, barazki, soro (erribera) eta erroskilagintzan ari izateko.

      Ezkonduta Karabele etxean jarri ziren bizitzen eta luzaro baino lehen Aldagaia baserrira aldatu. Seme-alabak: Joan Migel, Joxe, Mari Kruz eta Joxe Joakin (haurtzaroan hilak bi hauek). Aita oraino sasoian zegoela hil omen zen. Hala, bi anaiak etxe bizitza banatan, zaharrena ama alargunarekin eta Joxe, nire solaskidea, ezkonduta bestean. Emaztea Joxepa Izagirre Lasa, Zaldibiakoa izatez eta seme-alabak: Joan Inazio, eta beste hiru, jaiotzerakoan hilak, RH arazoa tarteko.

      Orain, aita eta ama bizi dira etxean. Semea Donostiara ezkonduta. Eta aldameneko bizitzan, Joan Migel, ezkonge eta bakarrik ama hil zenez geroztik.

      Lehen, bi semeak jornalera, ordu tarteka aita eta amari lagunduz. Etxe ederra, baratze bikaina, baina besterik ez. Gainerako lurrak errentan. Barazkiak eta esnea ekoizpen nagusiak. Ama edo izeba hartzaileen zerbitzutan egunero Hernaniko kalera. Erribera-lurrak zirenez, lur aberatsak noski, artoa, babarruna eta patata poliki izaten omen zuten, eta hauek salduz ekartzen zuten etxerako behar zena.

      Oroitzapenik badu azken gerrateari buruz (36ko gerra). Ongi gogoan du nola ganaduak hartu eta estu eta larri Astigarragako baserri batera lekualdatu ziren, harik eta gerrako frontea pasatu zen arte. “Hegoaldeko fatxadak badu harturik makina bat balazo, Urnieta eta Ihartzagain aldetik frankistek tiraturik” dio Joxek.

      Gerora, urteen agindura jokatuz, baserria eta fabrika, biak batera eraman ezinik, ganaduak kendu eta ukuilu eta lokalak birmoldatu eta bi lantegi bilakatzeko modua egin zuten: zerrategia eta mekanika. Zerrategia, duela gutxi, Osinaga aldera lekualdaturik dago.

 

Portu auzoa | Aldagaia | Argindegi