Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Balantxa | Eguzki-Alde | Karabele

 

Eguzki-Alde

 

      Ez du inolako zailtasunik eta gainera aire modernoa erakusten duen izena da Eguzki-Alde, baserri bati baino txalet eta horrelako etxetxoei areago dagokiena.

      Eguraldi txarra, Antonio etxeko nagusia artazuritzen aurkitu dut. Artaburu ederrez betetako saski baten gainean zaku bat tolestaturik ipini du eta bertan esertzera gonbidatu nau. Baserri bakarretan baizik ez da jada artorik ereiten. Antoniok bertako artoa goraipatu dit, arto hibrido amerikanoak batere baliorik ez duela esanez. Kasu honetan neure begiz ikusi ahal izan dut batetik bestera dagoen aldea.

      Zinko-Enetik behera, Balantxako bidean barna, bide zaharra, trenbide azpiko zubia zeharkatuz, ibaiaren gaineko zubiaren alboan, ezkerrera, aurkitzen den baserri bakarra, Karabelen, Eguzki-Alde baserria dugu.

      Ez da zaharra. Duela hirurogeita gehiago urte, lurrak erosi zituen lehenik Antonioren aita zenak, gero orain 54 urte etxea eraiki zuelarik.

      Gurasoak, Inaxio Otegi Arzadun aita eta Maria Otegi ama, Felisa eta Antonio seme-alabekin, Okendo-Enea baserritik jaitsi ziren. Ama zena nahiko eri ibiltzen omen zen eta hura saldu eta herritik hurbilago zen baserri berrira lekualdatu ziren. Ama handik bi urte baino lehenago hil zela esan dit Antoniok.

      Bideko espaloiaren parean dauka etxerako nahiz ukuilurako sarrera. Etxe azpian, sarrera saihetsetik bodega du etxeak, etxe-ordekoaren zeregina betetzen duena. Goian, hasiera beretik, bi etxebizitza, bata bestearen gainean.

      Antonio etxera ezkondu, emaztetzat Maria Angela Zinkunegi Labandibar harturik, seme-alaba hauek izan dituzte: Inaxio, Arantxa, Antton, Begoña eta Izaskun.

      Gurasoak eta bi alaba gazteenak, Begoña eta Izaskun, bizi dira orain Eguzki-Alde baserrian.

      Komediak eta bi uholdeekin izan dituzte etxe honetan. Lur onak bai, erribera lurrak, baina betiko zalantza, betiko mamu beltza gainean, goien behean euria hasiz gero. Ondorioak begi bistan: lurrak eta laboreak urak hartu, ganadu jana eta baratza hondatu, metak eta oiloak uraren baitan beti.

      Azken aldera, ibaia kanalizatu zenez geroztik, ondo omen dabiltza, baina ibaia zakarrez betetzen ari, ez dela sobera fidatzen dio etxeko nagusiak.

      Zazpi bat behi, zekor batzuk, dozenerdi bat ardi eta zerri bat edo beste izaten dituzte. Uztarrirako beti behiak, orain traktore koxkor bat.

      Etsipen apur batekin aurkitu dut gure gizona, harritzekoa ere ez da eta. Batetik, zioen, zekorra orain hogei urteko prezioan, 600,- pezeta doi-doian saltzen ari dira, agidanez. “Baserriak ez du etekinik jada, ez esneak, ez haragiak. Lehen, behi txar bat atera nahi, jaten eman eta haragitzen zenun, eta ondo baliatzen zinan, orain...”

      Bestetik, Mendia-Enean asto lan askotxo egina dela dio, 200 kiloko fardoak pikotxean jarrita, jaso orga txar batera, dena eskuz mugitu, askatu eta gobernatu behar izaten zuten, eta 60-100 fardo errelebo bakoitzean. Gizon handia ez da, baina, esan beharrik, azkarra eta sendoa bai. Orain belaunak ere ongi ez, aski neketan ageri zaigu Antonio.

      Solasa zerbait arintzearren, bertsozale, tabernazale edo izan ote den galdegin diot. Idi-demak izan omen ditu gogoko erantzun dit. Hango eta hemengo zenbait aposturen berri eman, eta bat dauka bereziki gogoan, Oiartzungoa 55 plaza egin eta txapeldun irten zirenekoa. Lagunarte ona eginak dira hainbat alditan Lastaola Berriko Gaspar eta biak.

 

Balantxa | Eguzki-Alde | Karabele