Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Etxola-Berri

 

      Pentsatzea baino ez dago non dagoen. Hernaniko herritik baserririk aldenduena, urrunena, seguru aski. Felisa Zabaleta (74 urte) bertako alaba dut solaskide eta beronen esanetan bizkor joan ezean ordubeteko bidea Pagoagatik gora, Ierola biak (Behekoa hala Goikoa) pasatuta, behar izaten omen zuten etxera joateko. Gogoan ditu eskolara (Pagoagara, Dionisi Lizeaga maistra), nahiz elizara (Santiago ermita) egindako ibiliak.

      Mendi-etxea zen guztiz Etxola Berri baserria. Harriz egina eta etxe handia, hori bai, “behar ere denak kabituko baginan”, dio Felisak.

      Fermin Zabaleta Peruarena zen aita, bertako semea eta Joxepa Balerdi Oilokiegi ama, Ugaldetxo baserriko alaba. Oroitzen da, Felisak bost urte baino ez zituen ama hil zitzaionean.

      Eta hamalau senide izanak ziren. Hona hemen: Graxi, Joxe Migel, Dionixio, Agustina, Luxiano, Joakina, Baxili, Joana, Lorentza (behizain zebilela belar gainean loak hartu eta eguzkiak muinak urtuta hila), Esperantza, Ines eta Felisa eta beste bi txikitan hilak. Agustinak bete zuen amaren zuloa hein batean, etxean ziren beste senideen laguntzarekin.

      Gero, Joakina gelditu zen etxean, ezkonduta, aitarekin. Senarra, Eusebio Aranburu Garaiar, Pikoaga Etxeberriko semea. Eta hona hauen seme-alabak: Arantxa, Joxe Mari eta Lurdes.

      Maizter ziren eta urrun haurrak eskolatzeko, baserri utzi eta behera jaisteko erabakia harturik, Irurena etxea eraiki (Ubarreto baserriaren ondoan) eta bertan bizitzen jarri ziren. Irurenan hiru ahizpa ezkonduta kokatu ziren (Ines, Joakina eta Joana) bakoitza bere familiarekin.