Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Larregain | Larregain Behekoa | Latsa

 

Larregain Behekoa

 

      Larregain baserriaren azpialdean Ereñotzu alderago kokatzen da Larregain Behekoa izenak ongi adierazten duen bezala. Baserri txikia izango zela bistan dago, nahiz eta erabat berritu eta txukundua dagoen orain, lehengo horma nagusien gain obratua baitago.

      Joxe Luis Artola Goñi, bertako semea, eta Aparrain baserriko Maria Oliokiegi ziren senar-emazteak eta honako seme-alabak izan: Joan Mari, Manuel, Joxe Mari, Joana eta Joxepa. Joxe Mari etxerako, Aranoko Abola baserriko Joana Leonet Perurena ematetzat hartu eta sei seme-alaba izan zituzten: Joxe Luis, Lurdes, Ana Mari, Jabier, Mari Loli eta Asier.

      Etxeko nagusiak, ordea, baserria hartu ala utzi atakan jarri zituen eta egoera nahiz aurrerabidea aztertu ostean, kalerako bidea hartu zuten 1977. urte aldera.

      Beste batek erosi zuen baserria zerritegia jarri asmoz, baina urte askotan auzokide eta agintariekin auzitan ibili ondoren, bertan behera utzi zuen egitasmoa eta hutsik egon da urte askotan baserria. Egun Joan Salaberriak erosi zaharberritu eta eguna han igarotzen du ardiak eta sagastiak esku onez zaintzen dituelarik; alabaina, ez da baserrian bizi.

      Dozena erdi behi eta zekor batzuk zituzten arren, ardiak zituen gogoko bertako aitonak, eta artalde dezentea (150 inguru) izaten omen Asketa aldean, eta gazta aski ona egiten bai aitak bai semeak. “Honbreren artaldea” esanda ezagutzen omen inguru hartan, eta hori zer zela eta galdegindakoan, zera esan dit aurrean dudan solaskideak: “Ardiak bere eremutik atera eta auzokoaren barrutira joaten nonbait eta “ezin al dituk ardiak hobeto zaindu, besteen larretan bazkatzen ibili beharrean?”. Bestearen erantzuna: “Ahalegina egiten diat baina badakit, bat joaten den lekura denak atzetik...” Orduan besteak “Hi ez haiz gizona” bota omen zion, eta erantzuna: “Honbre deitzen zidatek, ba!”. Handik eta harat “Honbreren artaldea” omen guztientzat.

      Gazterik hasi zen Joxe Mari Asketako bordan artzain, eta hartan ibili ere ezkondu eta fabrikan lanean hasi zen arte. Baserriari eutsi zion bere emazte Joanaren laguntzaz. Baratzea etxerako lain, baina esne pixka bat bai eta Epelera ateratzen zuten, han ezkonduta zegoen aitonaren arrebak berearekin batera hartu eta kalera saltzera. Kontuak egiteko orduan, amona zen, agidanez, hortaz arduratzen zena. Gazta ederrik ere eramaten zuten behorrarekin karroan hartuta, ordainetan sos gutxi jasotzen bazuten ere. Erleren batzuk izaten omen zituzten.

 

Larregain | Larregain Behekoa | Latsa