Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Ereñotzu auzoa | Abillats | Akola

 

Abillats

 

      Avilas, Avelaz, Abilla eta Abillats lau molde ezberdinotan azaltzen zaigu, gutxienez, baserri honen izena. Ola izana dela dio Florian (57 urte) bertako semeak eta Hernaniko burdinolen zerrendan ageri zaigu “Abillasko burdinola” (Ik. “Hernani eta Hernaniarrak”, A. Agirre Sorondo/100. or.).

      Latxeko fabrika zaharra pasatuta aurreraxeago, ezkerrera dago Abillats, egun, etxe dotorea. Bi isuritako etxe zabala Goizuetarako errepidearen gainetik. Bi bizitzako etxea, biak baserri. Etxetik at oilategia.

      Ola izanaren zalantza izpirik ez dauka Florianek/ oroitzen baita mutikoa zela errepidez beheitiko sorotik orduko kamioi kozkorretan nola enpresaren batera zepa eraman zuten, pagatuta eraman ere. Bidaia franko egin zuten kamioi haiek. Oroitzen da halaber, kamioiak nola kargatzen zituzten. Atzean kartolarik ez, eta lehenik horma bat bezala pieza handienak atzean ezarri eta gainerakoa, xeheagoa, kamioi barrura. Hala-hala zulatzen eta barneratzen joan ziren heinean arku bat eta lehenengo kanalaren tunela azaldu ziren.

      Joxe Iñaxio Oiarbide, ez-izenez “Ttanttua” zuten aitona. Abadua edo abarua omen zen, alkoholdun edaririk sekula dastatu ez zuena. Inguru guztiko iturrien berri bazekien bere aitonak, dio Florian bilobak. Ur desberdinen zaporeak ere ongi bereizten zituen. Satsaingo iturriko ura omen zuen gogokoen. Etxetik hurbilago beste iturri bat eta hemendik ura eramanez gero, berehala esan ohi zuen: “Hau ez da Satsaingo iturriko ura”.

      Hona Florian bilobak aitonari eskainitako bertso bat:

 

            Abarua zen nere aitona

            nere aita zanaren aita zana.

            Bere edari bakarra ura,

            iturrietan sortzen dan hura.

            Maitea zuan,

            edanaz hain atseden gozuan

            bere bizitza oso osuan.

                  (Joana Bixenta Olabe doinua)

 

      Gurasoak, Joxe Oiarbide Albiztur bertako semea aita, eta Dionixi Marko Otxotorena, Ierolako alaba ama. Hauen seme-alabak: Joakina, Iñaxio, Joxe Mari, Florian eta Mari Anttoni.

      Aita zenaren garaian (duela 40 urte) baserria saldu eta Ereñotzura etorri ziren bertako tabernaren jabe eginez.

      Lizeaga familia da beste etxeko familia. Hau ere baserri koxkorra. Nola etxe ondoko lursailak hala apartekoak bitan banatuak baitira eta bi familien artean erdibana erabiliak. Esan beharrik, baserri bakarra lehen eta gero zatikatua izana zela.

      Aitonak Fagollagako zentralean lana, eta ordu tarteak baserria eta arrantzaren artean eman zituen, agidanez. Arrantzan bereziki. Nahizu nahizu omen zen garai batean Urumea ibaian arraina: aingira, amuarraina eta izokina. Sarean behin baino gehiagotan erori ohi ziren, diotenez, igarabak ere. Arrain fina, sendagilearen gomendioz gaixoei jatera eramateko aproposa, etxeetan saltzen zuten edota ahaide nahiz lagunarteko otorduetan jaten.

      Gurasoen garaian ere baserriak ez zuen sobera hazkunde izan. Bi behi, zekorren bat, zerria eta oiloak izan zituzten. Aitak, Elektrokimikan lana. Baserria osagarri baizik ez. Aita ere aitonaren arrantzarako grinari atxiki zitzaion familiarentzat sos batzuk ekartzeko bidea eginez. Hala, gauez han-hemenka puntu jakinetan sare eta amuak ipini, arrainak bildu eta ama hurrengo goizean Donostiara arrainarekin.

      Bertsolari ere azaldu zitzaigun San Antonio batzuetan Ereñotzun, Txirrita, “Ernani Txikia” (Paulo) eta Sailbururekin, gure Joxe Oiarbide “Ttanttua”. “Bertso zahar eta kantuak barra-barra ematen zituen. Buru argia” zuela dio Florianek.

 

Ereñotzu auzoa | Abillats | Akola