Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Epele Torre

 

      Epela edo Epele alde batetik, baina Torre hitz honen zergatiaz galdegin diot Joxe Manuel Ugalde etxeko jaunari. Aitonaren aitak kontatzen omen zuenaren berri eman dit, nola egun batean, hura zela 200 urte bai hor nonbait, zaldi gainean aberats itxurako jaun bat aurkeztu, liburu bat atera eta esan omen zion; “Orain 500 urte ola (burdinola) ari zen hemen lanean”.

      Eta halaxe da, Hernaniko burdinolen artean Epeleko burdinola ageri zaigu. Gainera, bi aipatzen dira “Pela de Suso” eta “Pela de Yuso” (Goikoa eta Behekoa) eta 1410eko datadun dokumentuaren aipua eginez. Ik. “Hernani eta Hernaniarrak”, A. Agirre Sorondo, 106 or). “Torre de Epela” Hamarrenak zerrendan (1610) eta “Epele Torrea”, berriz, Nomenclator delakoan (1870).

      Ereñotzu edo Goizuetarako errepidean, ezkerrera, bidetik oso aparte ez, Epela bailarako lautadaren erdi-erdian kokaturik dago Epele Torre baserria.

      Lehen hiru bizitza, hirurak baserri. Otxotorena familia, bide aldetik hasita, Ostolaza familia erdian eta Ugalde familia mendi aldetik. Lehengo garaietan baserri bakarra izan zela esaten zuten. “Guk ez gendun ezagutu hori” dio Joxe Manuel Ugalde nire solaskide etxeko jaunak. Gero bi, eta hauetarik bateko anai-arrebak ezkontzerako hirugarrena antolatu zuten. Hirugarrena ostera.

 

UGALDE Familia

      Gogoan du aitona, Joan Mari Ugalde Artola, bertako semea. Hona, berriz, honen seme-alabak: Joan, Martin, Luis, Simon, Joxe Migel eta Iñaxi. Hauetarik Joxe Migel etxerako eta Fausta Perurena Zubillaga, goizuetarra, emazte. Seme-alabak: Joxe Manuel, Maria, Joxe Mari, Joana, Joxe eta Simon.

      Ondoren, Joxe Manuel gelditu etxean, Agustina Urruzola Loinaz, Urnietako Elutsetako baserriko alaba emaztetzat harturik. Arantxa, Maria Luisa, Jose Luis eta Jone seme-alabak izan dituzte.

      Orain, aita eta ama, Jone alaba ezkonduta, Julian Pagola honen senarra, Mirari eta Julen seme-alabekin bizi dira etxean.

      “Francoren garaian, Aranoko errotara, Hernanikoak itxita, ia astean behin edo joaten ginan, kontrabandoan, gauez eta Jainkoak dakien bidetatik barna” dio Joxe Manuelek. Gogoan du nola behin astoari zaku irina tripapera pasa, ezin jaso, mutikoa, eta nola zentraleko langile batek lagundu zion.

      Baserrian, bestetik bospasei behi eta idi parea izaten zituzten. Aita kamioiarekin ibiltzen zen, eta gero, kamioia utzita, Mendia-Eneko mintegian azken urteetan.

      Joxe Manuel bera 17 urterekin hasi zen lanera (Zikuñagako fabrika) eta gero jubilatu arte Polikloron jardun zuen. Honek, etxetik hurbil, bazuen alde onik, baina baita txarrik ere. Gaua edo jaieguna izan, matxuraren bat gertatuz gero, fabrikara joan behar, beste gabe.

      Kasik egun osoa fabrikan, nahikoa lotuta, ganaduak utzi beharrean gertatu ziren, salbu ardiak. Gaur egun, hogeita sei ardi, bi zerri eta zekorra baino ez dauzkate.

 

OTXOTORENA Familia

      Joxepa Artola (78 urte), Larregain Beheko alaba, ezkonduta familian sartu zenean, senarraren aita, Joxe Manuel Otxotorena Etxeberria, bertako semea, ama, Joxepa Ollokiegi Peruarena, Aparraingo alaba, eta bost semeok bizi ziren bertan: Joxe Joakin, Paulino senarra, Luis, Martin eta Manuel. Paulino hartu zuten gurasoek etxerako. Hau Joxepa Artolarekin ezkondu eta Joxe Antonio, Luis Mari, Joxe Inazio eta Maria Rosario seme-alabak izan.

      Orain amona Joxepa, Maria Rosario alaba ezkonduarekin, honen senar Felipe Erroizenea eta hauen bi seme-alabak, Agurtzane eta Ander, bizi dira Zepadi alboko etxean.

      —Bizimodua?

      —Txarra nolanahi ere.

      —Berriz pasako al zenuke, Joxepa?

      —Ez, kalea txarra izango da, baina baserria...

      “Lau behi, zekorrak, hegaztiak, aberea eta zerri pare bat etxerako izaten genitun. Esneketariari eta gero Gurelesari esnea. Erribera lurrak bagenitun, baina mendi malkarrak gehiago”.

      “Bost senide ziran, bost gizonezko, bostak Tanera erreleboan, janaria eta garbitasunaz aparte, batari edo besteari lagundu beharrean gertatzen nintzan beti, mendian, soroan edo baratzean. Eskerrak gaztetan lanean ohitua nintzan. Artzain, gaztagintzan eta aitzurrean ongi laztua nintzan”.

      Joxepa Epele Torrera ezkondu zenean, baserri zaharra omen erabat hau. Konpontzen hasi eta baimenik ematen ez. Epck Etxeberriko Ramon zen, agidanez, Epeleko etxe hauen administrari. Dorretxe zelako edo zergatik ote zen galdegitean, ez dakiela izan da erantzuna. “Hori bai, etxe zaharrak arkudun labe bat bazun behean”. Ola izanaren aztarna ote? Seguru aski.