Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Arbelaitz-Enea | Beheko Teileria | Epele Borda

 

Beheko Teileria

(desagertua)

 

      Paulo “Ernani Txikia” bertsolaria (89 urte) dut solaskide. Garai batean teileria omen hor eta handik eta harat Beheko Teileria etxeari izena.

      Ereñotzura goazela Polikloro baino lehentxeago, errepidearen eskuinetik aurkitzen zen, orain desagertua industriak irentsita, Beheko Teileria baserria.

      Bi isuritako etxea omen, errepidera, ekialdera, begira. Behean ukuilua eta dolarea, goian etxebizitza sukalderekin eta aterpe handi bat etxearen atzean, orga, lanabes, belar ondua... edukitzeko. Mandioa ere bazuen. “Zaharkiturik zen etxea guk ezagutu genuenean. Mortairuz egina. Ez zuen harlandurik”.

      Aiton-amonak, Manuel Zubiarrain eta Teresa Nazabal, goierriarrak ziren (Beasain), hango Bagoi Fabrika egiterakoan (CAF orain) baserria kito eta hona etorriak. Han-hemenka bizpahiru baserri jarri zizkiotela dio Paulok, ardiak gustatzen eta ganaduak izateko egoki iritzi zioten gurasoek eta hauxe, Beheko Teileria hautatu. “Orain desjabetu edo espropiatu eta horrela konpontzen dira arazoak”.

      Gurasoak, Patxi Zubiarrain Nazabal aita eta Maria Otxotorena Etxeberria, Epele Torreko alaba ama. Eta hauen seme-alabak: Paulo, Teresa, Manuel, Joxe, Joxe Mari, Anttonio, Iñaxio eta Pilar. Pilar eta Iñaxio anai-arrebak bizi izan ziren gurasoekin.

      “Baserri polita zan, esaten dit Paulok. Erribera puska bat bai, baina malda asko”. Normalean bospasei behi izaten zituzten. Aitari entzuna zuen, nola behi bat, esne behi ona nahi eta, Ordiziatik bere umearekin ekarri zuen berrogeita hamar duro (250,- pta) pagatuta. “Gaur baino merkeago ziran gauzak, orduan ere etzan gutxi izango baino”.

      Maizter hasiera batean eta gerora erosi omen zuten baserria. Nolako bizimodua zen, Paulo, zure umetan etxean, galdegin diot.

      “Zer esango duzu. Tripa betetzen genun, nahiko sagardoa ere izaten zan etxean... Hara, garai hartako heltzekoaren inbidiatan egoten naiz orain. Hemen ere (Zaharren Egoitzan dago) ez dugu kexarik baina babarruna, ardiki edo zezin puska batekin orduko amonek mantso-mantso ondo egiten zuten, bai eltzekoa eta bai sagar erreak. Eta urteko jai seinalatu batzuetan etxean hazitako oilaskoa ere bai”.

      Bertsozaletasuna nondik norakoa duen aipatu diot “Ernani Txikia” deitu Paulo honi. Aitona omen zen bertsolaria, Joxe Miel Zubiarrain, Txirritaren kideko eta honekin jardun ohi zena.

      Agidanez, aitonarekin oso gaztetxo zela Gorostarben (Adarra atzean) ardi kontu zebilela hasi omen zen bertsotan. Aitonarekin, bada, eta senide artean trebatu nonbait gure “Ernani Txikia” bertsolaritzan, gero, han eta hemen ari izateko.

      “Lehenengo plaza San Antoniotan egin nun, Hernaniko Ereñotzu auzoan bertan, 17 urterekin. Joxe Oiarbide “Ttanttua” izeneko beste batek eta biok, Txirrita eta Sailbururekin kantatu genuen” (Argia, 01-11-25).

      “Txikia zergatik? Halaxe izan naizelako. Ni neu eta beste anaia bat. Gainerakoak tantai galantak izan baitira eta apetitu ederrekoak”.

 

Arbelaitz-Enea | Beheko Teileria | Epele Borda