Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Oianeder | Oianeder Txiki | Osinaga

 

Oianeder Txiki

 

      Koxkorra da benetan etxea Osinagarako bide ertzean Oianeder baserriaren alboan dagoen hau. Diotenez, ikaztegi edo egur ikatzaren biltegi izana antzina, aldamenean sutegia zuela eta ermentari baten lantegia berau. Ikatza, esan beharrik, baso eta oihanetatik mando gainean eraitsi (ohar Oihaneder izenaz) eta hortik banatzen edo hor saltzen zuten, agidanez.

      Gerora, baserri bilakaturik ageri zaigu eta bertan Patxi “Bakailo”, gerratik zetorkion izena hain zuzen. Ameriketara joan zen artean sasoiko zelarik. Bertsolaria ere bazen Patxi Bakailo. Aski ezagunak dira bere zenbait bertso. Bata, aipatuko dut, alaba jaio eta auzoko etxekoandreari, berria adieraziz, etxeko leihotik bota ziona:

 

            “Bertsoa botako det

            leiotik leiora,

            bart gure etxe ontan

            alaba jaio da;

            iñork nai badu etorri

            orren bataiora,

            aurraren gurasoa

            Patxi Bakallo da”.

 

      Eta bestea, Zikuñagako ermitaren parean idien aurretik zihoala ijito emazteki bati luzatu ziona:

 

            “Goizian jeiki eta

            onen abiyara,

            iñun ezer senti badu,

            lapurreriya da,

            kontzientzi gaiztoko

            Judasen kriyada”

 

      Ez ahal zuen ulertuko, bestela...

      Ondoren, Domingo Iraola eta familia bizi izan ziren hor. Eta azkenik, Domingoren alaba Justina, morroia eta neskamearekin. “Hiru bat behi, soro, belardi, untxi eta oilo eta baratze ederrez hornitua ezagutu gendun” dio auzoko Iñaxiok.

      Justina, azken urteetan, Ameriketatik etorritako Pedro anaiarekin bizi izan zen, harik eta Pedro eta biak zahartzaroan Hernaniko Ospitalera bildu ziren arte.

 

Oianeder | Oianeder Txiki | Osinaga