Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Don Fermin-Enea

 

      Aspaldidanik horrelaxe azaltzen zaigu baserri honen izena. “Nomenclator” zerrendan (1870). Notari, apaiz, mediku, indiano edo horrelakoren bat ote zen etxeari izen hori eman ziona, bati eta besteari galdeginik ere, ez dut inolako aztarnarik atera. Auzoan “Maioazko-Enea” deitzen zutela ere entzun dut.

      Lehengo egitura bera du diotenez, erabat berritua duela gutxi, txukun pintatua eta balkoi ederrez jantzitako bi isuritan teilatua daukan etxe dotorea dugu gaur Don Fermin-Enea.

      Joxe Mari Murua Ezenarro bertako semea eta Kontxa Alberdi Intxauspe, Errotaran Erdikoa baserriko alaba, senar-emazteak bizi ziren lehen, Manolo eta Kontxi seme-alabekin.

      Manolo, ezkonge, honek etxea saldu eta Salaberria goizuetar familia bizi da gaur Don Fermin-Enean.

      Aita Joxe Mari, eta bere anaia ezkongea, baserri lanean jardun ziren beren denboran. Kontxi etxeko alabak dio sei-zazpi behi izaten zituztela. Esnea etxetik saltzen zuten (Eziago etxeetako familiak hartzaile seguruak omen) eta gainerakoa barazki, babarrun eta frutarekin Hernaniko plazan. “aran, muxika, udare eta melokotoi ugari izaten zan, dio, orain ez dakit zer pasatzen den bazter hauetan”.

      Dolarea ere bazuten. Etxe atzeko hegalak sagastiz beterik, etxerako eta saltzeko sagarra izaten zuten.

      Eskola Arriatsun, argindarra Osinagako zentraletik eta ura etxeko lurretan zeukaten iturritik.