Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Bortolua-Enea | Bortoluene Borda (Txabolategi) | Don Fermin-Enea

 

Bortoluene Borda

(Txabolategi)

 

      Etxeak fatxadan “Chabolategui” dauka baina Bortoluene Borda du jatorrizko izena. Arrazoia? Bortoluane baserriko borda izan zelako noizbait, harik eta Txabolategi bertsolariaren alaba, Praixku Pagola aiarrarekin ezkonduta, ezkonberriak eta Txabolategi aita, borda baserri bihurtuz, bertan bizitzen jarri ziren arte. Hortik datorkio Txabolategi izena. Hil ere gure bertsolari famatua hemen hil omen zen. Nola edo zertatik hil zen, aurrez hark iragarriz kantatu bertsoa kantatu dit poliki asko orain etxeko nagusi den Joxe Marik (76 urte).

 

            “Espezia txarren bat

            sartu zait barrenen,

            bildur naiz nere billa

            etorri ote den;

            San Pedrok sar nazala

            Ate artan barren,

            Ala komeni bada,

            Biba, Jesus, amen!

 

      Sagardotegian omen zen, esan dit Joxe Marik eta botilaren bat hautsi, kristal pusketa bat basora, sagardoarekin batera eztarrira, eztarria biziki zauritu eta delako bertso hori kantatzeko denbora baino ez omen zuen izan hil aurretik, horra. Beste bertsio bat ere bada. Alegia, sagardoa ez baina esne botilarena.

      Osinagatik gora Onddi aldera doan bidean Pardiola Txikiko parean, ezkerrera, Lastaolarako bidean, eta beronen bihurgune baten azpian kokaturik daukagu Bortoluane Borda.

      Borda, baserri bilakatu zenez geroztik, duela 40 urteraino iraun omen zuen etxeak. Hormak erortzear zituen, esan didatenez, horma nagusiak azkartu, zura kendu eta ormigoizko hezurdura ezarri zioten, teilatua halaber erabat berrituz.

      Ondo begiratuz gero, etxea maldan eraikia dago, goiko isuria ia lur jotzeraino luzatua, etxeak goitik mandio gisako sarrera bizilekura, azpian ukuilua duela bide aldetik sarrerako atearekin. Traktorearen erremolkea deskargatzen (ganadu jatekoa) ari ziren aitasemeak hara hurbildu naizenean.

      Nire solaskide Joxe Marik doi-doian ezagutu zuen amona. Bestetik alarguna zen ama ere, Joxepa Alberdi, Belamendia baserriko alaba sortzez, bertako seme Tnaxio Pagola Erroizenearekin ezkondu, hau hil eta beronen anaia Joxe Marirekin ezkondu zena gero, eta seme-alaba hauek izan: Joxe Mari, Patxi eta Joana.

      Gero, Joxe Mari seme nagusia etxera ezkondu, emaztetzat Pakita Leonet Perurena, izatez aranoarra hartu, seme-alaba hauek izan dituzte: Axun, Patxi, Isidro, Julian, Inaxio, Garbiñe, Karmele eta Mirari. Aita eta ama bizi dira baserrian Mirari alabarekin orain.

      Lauzpabost behi beti, gero familia indarrean sartu heinean hamar behi izateraino iritsi omen ziren.

      Amonaren garaietatik hasita, gero amak jarraituz eta ondoko 25 urtetan emazte Pakita, esne, barazkiak eta garaian garaiko fruta (intxaurrondoz betea dago orain ere etxe aurre guztia) astoan hartuta Hernaniko plazara.

      Mandoa eta lera nahiz orga zituzten lehen ganadu jatena etxera garraiatzeko. Traktorea orain. Baina “Kastro” mandoa bizi dute oraindik.

      Gaur egun zazpi behi eta zazpi zekor dauzka Joxe Marik ukuiluan semearen laguntzarekin. Haragia dute ekoizpen nagusi orain Bortoluene Bordan.

      Etxe aurrean, bidez goiti, zuten “Iturtxulo” iturria lehen. Gobara harria kontserbatzen dute oraino hor. Gero, urtea ongi oroitzen dira (1936 urtea) auzoko sei familia ados jarririk sei baserrietara sartu zuten ura “Auxtin Soro” deitu iturburutik, bertan gordailu egoki bat egin ondoan.

      Eskola, Arriatsura. Eguraldi txarrarekin, ordea, kapaxoan hiru senideen bazkaria, han berotuz. Arriatsuko eskola berek eta kidekoek estreinatu zutela dio. Gogotik joaten zirela dio, hiru senideak. Garai hartan, ez daki zenbat urtetan, baina, ikasturte amaieran sari bat zozketatzen omen zen (10 duro), eskolara bost (5) hutsegite baino gutxiago egiten zituzten eskolaumeen artean. Hiru sari urte desberdinetan, jakina, ekarri zituzten, agidanez BortoTuane Bordara: Joxe Marik bitan eta Patxik behin.

      Hain hutsegite gutxi egiteko arrazoia zein izan zen galdegin diodanean, zera zioen Joxe Marik: “Hara, esango dizut. Aita erabat ezjakina zan (analfabetoa esango genduke orain), amak eskola bazuan, baina nola bata hala bestea gogotik ahalegindu ziran gu eskolatzeaz. Ez zegoen beste arrazoirik”.

 

Bortolua-Enea | Bortoluene Borda (Txabolategi) | Don Fermin-Enea