Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Tabla-Enea

 

      Arrasto handirik ez dute Tabla esanahiari buruz baina badute nahikoa susmo, noizbait entzunda, hemengo aurrekoren bat Astigarragako Tabla baserrian jatorria zuena ote zen, esanez.

      Martindegi bailarako sarreran bidez ezkerretik dagoen bi isuriko etxe zabala dugu, bitan banatua, Tabla-Enea bata, Ezekiel-Enea albokoa. Bi bizitza, beraz, eta bi baserri, ezker-eskuin teilatupe berean, ezker-eskuin, teilatuaren gailurrak banatzen dituela.

      Ebaristo (77 urte) eta Bernarda (82) anai-arrebok gogoan dituzte, Lorentxo Genbeltzu eta Ana Joxepa Arrieta, Karapoteko alaba hau. Gainera, inon diren istorio-misterioak badituzte aitonari buruz, tartean gerrakoak ere bai. Bat, bakarra, aipatuko dut lagin modura. Zera, aitona zena, Santa Kruz apaizaren taldean, lizar makila armatzat, bigarren karlistadan gerlari ibilia omen zela.

      Gurasoak, aita Pello Genbeltzu Arrieta, etxeko semea, eta Joxepa Sansinenea Arregi ama, Igeldokoa jaiotzez.

      —Igeldokoa e? Esan diedanean, hala erantzun dit Felisa oraingo etxekoandreak.

      —Bai, aita zenak hala esaten omen, “leihotik leihora ez da ezkontzarik egin behar, zenbat eta urrunagokoa ezkonlaguna, askoz hobe”.

      Hona haien seme-alabak: Joana, Bernarda, Ebaristo, Joxe, Maria Luisa eta Agustina.

      Ebaristo etxean gurasoekin, emaztetzat Felisa Aginaga Begiristain, jaiotzaz Aginagakoa, hiru alaba: Jone eta Amaia (bikiak) eta Itziar, izan dituztelarik. Orain, Ebaristo eta Felisa senar-emazteak eta izeba Bernarda bizi dira etxean.

      Sei-zazpi behi, lau bat zekor eta aberea izan zituzten. Etxeberria ijitoari bost duro pagatua ornen zuten aberea. Argala eta bizkarra urratua zuen, agidanez, eta oso hezkaitza etorri zenean, baina 22 urte egin zituen, gero, etxean.

      Tratuarekin egunero, ama gazterik hil eta besteak beste, 50 urtean izeba Bernarda.

      Irastorra, Urdaburuko hegaletik. Goizeko 4:30etan etxetik irteten zirela dio etxeko nagusiak, baina 2:00etan jaten eman behar uztarriko idi eta behiari. Erroilaburutik barna joan eta Karabeletik etorri, lau ordu t'erdi bidean egin ondoan. “Eta ez guk bakarrik, guk bezalaxe beste asko eta asko. Laurogei gurdi errenkadan etorritako egunak ezagutu nitun”.

      Gaur, industriak, Diputazioak eta erakundeek lurrak irentsita gelditu dira. Hiruzpalau zekor, haragitarako, mantentzeko ozta-ozta baino ez, hutsa.

      Soldadutzako pasadizoak kontatzen hasi zait, azkenik, Ebaristo etxeko jauna. Alabaina beste baterako utzi ditugu kontuok.