Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Akan | Akerregi (Akarregi) | Ariztegi

 

Akerregi

(Akarregi)

 

IZAGIRRE ADURIZ Familia

      Joxe Izagirre dut solaskide, eskuineko etxeko jauna, Rufino ezkerrekoa den bezala eta Izagirre han ere. Biak lehengusu txikiak; bien aitak elkarren lehengusu eta aitonak, aldiz, anaiak. Garai batean bizitza bakarra, eta bi anaiok ezkondu zirenean bi bizitzako etxe bilakatu omen zen Akerregi. Joxek dioenez, Akarregi ez baino, nahiz eta etxeak “Acarregi” jarrita daukan, Akerregi dela baizik.

      Gurasoak, Anastasio Izagirre Lasarte etxeko semea, eta Maria Aduriz Miner, Astigarragako Goikoetxe baserriko alaba izan zituen aita eta ama. Eta senideak: Axun, Joxe eta Patxi. Joxe, etxerako, Kontxi Ugalde Arruti, Urnietako Agerre baserriko alabarekin ezkonduta, alaba bakarra izan zutelarik, Mari Karmen.

      Orain Joxe eta Kontxi aiton-amonak, Mari Karmen alaba Joxe Jabier Bengoetxearekin ezkonduta, Ainara eta Aritz seme-alabekin bizi dira etxean.

      Sei bat behi, hiru bat zekor, zaldia eta karroa. Garai batean aitona joaten omen egunero Donostiaraino esnearekin, zeren bere alaba batek hotela baitzeukan (Hotel Dominika, Urbieta kalean) eta hara esnea eramaten zuten. Baratze ona, lur samurrak zirenez. Joxeren gurasoen garaian trenez edo autobusez baliatzen ziren. Joxek dio “tranbia hartzeko Ergobia nahiko urrun gelditzen zan eta”.

      Bi bizitzek betidanik zeukaten bakoitzak bere dolarea, bere sagardotegia eta bakoitzak bere bolatokia ere. Orain, erabat berria den sagardotegia daukate eta egungo makineria modernoaren jabe dira. Ez dute, bada, “arraunketan” jardun beharrik garai batean bezala.

      Hamaika apustu jokatutako bazterra da, agidanez, Akerregi alde hau. Apusturako bolariek dirua (gerra aurretik duro zilarra) lurrera botatzen zutela dio Joxek. “Behin baino gehiagotan hatzaparka ederrak eginak zian, txanponak izkutatu ahal izateko, diruzko apustuak debekaturik, herriko guarda azaltzean...”

      Apustu gehiagorik ere izaten zen. Esaterako, enborrak menditik garraiatu, bi lagunen artean bizkarrera jaso eta ehun metroko bidea nork lehenago egin jokatuz. Terreoan ere bai. Terreoa zer zen? “Jomuga batera tiro egitea”. Eta tokan berdin zenbait alditan.

 

IZAGIRRE ZABALEGI Familia

      Maria Joana (73 urte) eta Rufino (88) anai-arrebak ditut solaskide. Gogoan dituzte aiton-amonak. Aitona Manuel Izagirre etxeko semea, eta Joana Joxepa Rekondo amona, Beloki baserriko alaba. Gurasoak, aita Eusebio Izagirre Rekondo, eta ama Luisa Zabalegi Etxeberria, Santsanategi baserriko alaba. Seme-alabak: Zelestino, Bittori, Martin, Tiburtzio, Rufino, Benito, Justa, Pilar eta Maria Joana.

      Rufino etxerako gelditu zena, ezkongea, Maria Joana arrebarekin bizi da.

      Baserrian beti lauzpabost behi izan zituzten, idi parea garraiorako, zerria urtero etxeko jakia izatearren, eta hainbat arto eta babarrun, lur samurrak, erribera lurrak. Bizimodu honek bazuen beste oinarri bat, aitarena, garraio lana, idi parea eta gaiera deitzen zen orga handiaz baliaturik. Latseko Puig fabrikatik Donostiara egur ikatza, alkohola eta ozpinaren gisako zen ekoizpen bat arrain kontserbatarako, etxerakoan harea ekarriz etxeko eta auzoko baratzetarako.

      Aitaren pasadizo bat kontatu didate anai-arrebek. Bezperan ekartzen zutela Latsetik karga eta goizeko hiruretan irteten omen Donostiara. Hala, behin, idiek bidea ikasita nonbait, eta badoa gure gizona zaku artean etzanda Totan. Ergobia parean mikeleteak alto!, zaku gainetik jaiki da gure gizona. Mikeleteak:

      —Hori duk patxada, hori!

      —Aitak (multa jasoko zuen kezkak harturik) ahopean “pezeta pare bat eman egin beharko zieat”.

      —Bai, bost baino errazago dek, mikeleteak.

      Halaxe kontatzen omen aitak eta halaxe kontatu didate nire solaskideek.

      Gero, Zelestino semeak jarraitu zuen, baina kamioiarekin. Sagardotegia izan da Akerregin bizimoduaren hirugarren oinarria. Bi etxeetan zen dolarea gorago aipatu bezala. “Orduan, gutxi botilatzen zen sagardoa, txotxean saltzen zen gehienbat”. Bi familiak txandakatu egiten ziren. Bateko upela amaitu arte, bestekoa osorik gordetzen zuten.

      Bestetik, sagardoa hein batean Hernanira eramaten zuten, “Hernaniko kalean garai hartan sagardotegia bai zan nonahi”.

      Urteak joan ahala, Rufino semea egin zen baserriaren kargu. Dolarea eskuz mugitu behar orduan, eguerdian senideak bazkaltzera etortzean bazkal aurretik “arraunean” saio bat burutzen zutela dio Rufinok.

 

Akan | Akerregi (Akarregi) | Ariztegi