Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Marieluts Txiki

 

      Era ezberdinetan ageri zaigu etxe honen izena bere historian edo dokumentuetan. Esaterako Marielus-chipi, 1610ean; Marialuz-Chiqui 1870ean; Mariluz beste batzuetan, eta Maria Luz etxeak ipinita ate gainean. Hala ere, Mari-Eluts izango litzateke oinarrizkoa. Eluts, leku babes edo itzaltsuaren esanahiarekin.

      Santa Barbara mendiaren ipar-ekialdean kokaturik dago, sarrera nagusia mendialdera badauka ere. Bi isuritako etxe errektangeluar luzexka da, azpian alderik alde ukuilua duelarik, etxebizitza lehen solairuan eta goian ganbara. Etxetik at, alboan, etxe-ordeko txukun bat. Orain, etxearen berezko egitura mantenduz, aurpegia garbitzeko asmotan dabiltza.

      Felisa Alkorta Irazusta, Zumadi baserriko alaba dut solaskide, eta Jose Luis Zubillaga Olazabal bertako semearekin ezkonduta Marieluts Txikira etorri zenean ezagutu zuen etxeko amona, jaiotzaz Bedaiokoa zena, alargundu eta bigarren aldiz esposatua. Lehenengo senarra Joan Fko. Larrañaga, Irurako semea, Ameriketan ibili eta sos batzuekin etorria zen. Ezkontzerako etxea erabat haiek birmoldatu edo antolatu omen zuten. Lehenarekin Jose Mari, Kattalin, Mila eta Pakita seme-alabak izan zituen; bigarrenarekin, aldiz, Kaietano, Iñaxi eta Jose Luis. Egun, Jose Luis etxeko nagusia bizi da Felisa emaztearekin eta Xabier eta Oihana seme-alabekin.

      Lehen zazpi behi eta zenbait zekor izaten zituzten. Esnea izan da, noiznahi ere, beren produktu nagusia. Jose Luisek fabrikako lana eta baserria konbinatu behar izan du, lehenago anaiaren eta orain semearen laguntzarekin. Lur onak dira, etxe inguru guztiak, baina arrunt aldapatsuak. Sagarrondo eta fruta arbola ere ondo etorri izan dira hor. Aberea eta lerarekin garraiatzen zuten ganadu jana orain baino lehen. Orain traktore koxkor bat daukate.

      Esnea egunero Donostiara eramaten zuten, amona gauza izan zen arte behintzat. Badute azken gerrateko oroitzapen ilunik. Santa Barbara mendia frontearen alderdi bat izanik, handik etxea oso bistan eta arriskuan zegoela eta, ganaduak Pangorrira eta familia alboko bordara, hau hosto artean ezkutatuago zegoen, arropa zuria eta behar-beharreko gauzak hartuta. Amona haurdun omen. Amona bordatik at zebilela, bonba jausi bordara eta erabat txikitu hau. Zorte ederra, inor hil ez zenean! Eta etxea bestalde, ukitu ere ez.

      Arropa non garbitzen ote zuten Felisari galdegin diodanean zera zioen:

      —“Ahal zan lekuan. Buru gainean barreñoa hartu eta Latsunbeko garbitegian, edo... Leokan eta zenbait alditan hemen jendea bazan, Karabele aldeko ibaian. Benetan jende zaildua eta gogorra zan hura! Eta hala ere 97 urte zituela hil zan”!

      Gero herriko urarekin etxe aurrean aska bat eduki zuten. Paraje itzaltsua eta hezea hein batean, belarrarentzat bai ona, baina ez dela, dio, urtsua, iturririk ez den lekua nolanahi ere.