Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Agerreburu

 

      Amona zenari entzunik dio bertako Benita etxekoandreak, hau dut solaskide, lehen-lehen ardi borda omen zela, eta artzain nafar baten bizi-leku. Nolanahi ere, Agerre etxe nagusia da beraren erreferentzia puntu.

      Santa Barbara hegalean harkaitz gainean eraikia dago etxea, Santa Barbara etxetik hirurehun bat metrotara. Etxearen gain eta azpialdean harkaitz mokorrak ageri dira nonahi, eta leize-zulo zenbait ere bai, beherago joanez gero.

      Ardi borda izatetik baserri izatera bere aiton-amonek eraman zuten agidanez Agerreburu. Ez daki garbi Napoleonen gerrakoan edo karlistadaren batean izan zen, baina kainoi tiroek zulatu zutela, bai, hegoaldetik etxea. Bertan balkoi bat ipiniz hornitu omen zuten irekidura hori. Beste oroitzapen bitxi bat ere gordetzen du. Lau intxaurrondo lerden eta aspaldikoak eta ale ederrekoak omen ziren etxe atzean, egun batez mendiak su hartu eta berekin eraman zituelarik, etxea ozta-ozta salbatuz.

      Etxea, orain, barne nahiz kanpo aski ongi egokiturik dute. Harria agerian, bi isuriko etxea den hau. Aurrean aterpea, teilaz moldatua, gainean ieiho bat eta honen gainean, sabaiaren azpian hare-harriz eginiko armarria, etxekoandrearen ideia hau ere, etxeko hiru belaunaldien deiturak jasotzen dituelarik: Izagirre, Arregi eta Beldarrain.

      Justo Izagirre Rekondo, Akerregi baserriko sernea eta Benita Genua Genua Marraka-Enea baserriko alaba izan ziren bere aiton-amonak. Hauek sei seme-alaba: Joxepa, Luisa, Joana, Maritxu, Martin eta Lazaro. Hauetarik Joana etxean gelditu eta besteak bakoitza bere bidetik joan ziren.

      Joana, Esteban Arregi Saralegi berastegiarrarekin ezkondu eta Santa Barbara etxean jarri ziren bizitzen, aurrekoak bezalaxe. Hona hauen seme-alabak: Benita, Iñaxi, Briji, Justo, Antton eta Rosi. Justo gelditu zen etxean eta Benita, senide zaharrena, ezkontzekoan Agerreburu baserri zaharra egokitu eta antolatuz ezkonberriok bizilekutzat hartu zutelarik. Benita Agirre Izagirre eta Santos Beldarrain Gainzerain senar-emazteak bi seme-alaba dituzte, Esteban eta Jone.

      Baserri izaten hasi zenetik maizter desberdinen bizileku izan zen Agerreburu, zeren eta familia beti Santa Barbara etxean bizi izan baitzen.

      Uraren arazoa etxe aurrean aspaldidanik daukaten terrazaren azpian egindako gordailu handiaren bitartez konpontzen zuten. Teilatuko ura, noski, baina oparo izaten zuten arropa eta garbitasun oro burutzeko.

      Senar-emateek, bai Santosek bai eta Benitak kanpoan lan egiten dute. Etxekoandrea, ordea, gogoz sentitu izan da beti ordu libreetan etxean. Sagarrondo, fruta (sagar, udare, intxaur, muxika, kiwi, etab.) eta lore landarez (magnolia, mimosa, kamelia...) beterik ageri zaigu etxe bira guztia. Noski, emaztearen zaletasunari zor zaiola esan beharrik. Ongi ezagutzen ditu inon diren sagarrondo klase guztiak. Sagar kopuru ederra biltzen dute urte normalean. Hegaztiak ere biziki maite ditu.