Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Zozperri

 

      Baserri bertakoek Zozperri dela esan badigute ere, Zotz-Berri ikusi dugu sarreran idatzita. Zosberri, aldiz, Nomenclator zerrendan (1870). Zotza zer den jakin arren, eta edonork jakin ere, hori eta horrenbestez hitz hau onartzekoa den ustetan ere ez daiteke egon. Zuatz, zuhatz, zuntz edo bide horretatik zehar jokatu beharko litzateke, agian. Agian diot.

      Jauregi auzoko baserririk gehienak bezalaxe, aipatu etxetik Lasartera doan bidearen aldamenean ezkerretara, Zelaigain baserriaren aurrez aurre, ekialdera begira eguterara betean daukagu Zozperri baserria.

      Etxe errektangeluar luzexka eta handia. Isuri bikoa. Sarrera hego-ekialdera duela, eta baserririk gehienen antzera, behean sukaldea, komuna, sala eta atzean ukuilua zituela; goiko solairuan logelak eta gorago ganbara.

      Pedro Sarasola Izagirre eta Joana Goenaga Elola, Asteasuko Aitzetegi baserriko senar-emazteek erosi zuten. Handik etorri omen ziren senarraren ama eta zazpi seme-a]abetatik (lau mutil eta hiru neska) sei hartuta -alaba bat ordurako ezkondua izaki-, seme gazteenak sei urte zituela. Gauzak horrela, guztiak joan ziren ezari-ezarian kanpora ezkontzen eta aipatu seme gaztea, Pedro, gelditu zen baserrian aita-amekin. Hala, ordea, baserri zaharra saldu eta berria egin zuten aldamenean eta hantxe jarri bizitzen Azkarateko Herrero-Enea baserriko Lurdes Otermin Agirre emaztetzat hartuta, eta alaba bat izan.

      Amona Joana duela bi urte hil zen 90 urterekin, eta Pedro aitona, oraindik egunero irteten da etxeko atarira, bizkarrean 98 urte dituen arren.

      Baserrian jardun zuten Pedrok eta Joanak lanean, baina alderdi ederra Asteasuko baserri neketsuan lan egin edo Zozperrin jardun. Han oso lur malkartsuak nonbait eta ordeka eta lasaiagoak hemen, gainera lursail guztiak etxe inguruan zituzten eta, antza, abantaila handiak ikusten zizkioten baserri berriari.

      Halatan, 10 behi, zekor, oilo, zaldi etab. izaten zituzten; baratzea zerbait ere bai, eta Errekaldera eta Añorgara jaisten ziren esnea saltzera. Alabaina, gurasoak adinean aurrera eta baserriari lehengoan ezin eutsi eta, aukera izandakoan saldu eta aldamenean etxe berria eraiki zuten duela 28 urte. Pedro semeak fabrikan egiten du lan baina ezin du etsi etxean behi bat edo beste gabe, eta haientzat janaria garraiatzen harrapatu dugu hizketaldi hau egiteko asmotan bertara hurbildu garenean.

      Zozperrin bazuten sagastia, baita dolarea ere etxerako sagardoa egiteko. Orain, baserria saldutakoan dolarerik ez baina sagarra daukatenez, aldameneko etxean jotzen dute sagarra.