Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Sahatsain

 

      Landare izena nolanahi ere. Sarats edo sahats, udaberrian lehenengoetarik itzartzen den zuhaixka landarea, besterik ez eta erleak biziki maite duena, batik bat polenaren aldetik. Sahats gain izan liteke etxe honen izena. irtenbidea Ereñotzura, Abillatseko zentralera lasterbidea eta berdin gurdibidea, baina hau itzuli handiagoa emanez. Agian, Lepa Txiki eta Lastaolara aiseago joateko bidea.

      Etxeak ez du aldaketa handirik jasan, zeren oraintxe bezalatsu baitzen lehen ere. Bakarrik, bi borda zituela, ardi bordak, eta hauetarik bat orain lagunarterako aski ongi antolatua. Etxea, beraz, barne eta kanpo bere horretan mantentzen da. Garai batean, bi bizitzako etxea izana omen, nahiz eta Pilar bertako alabak (63 urte) eta nire solaskideak bakarrekoa ezagutu zuen.

      Gurasoak, Patxi Altuna Garin Lepa Txiki baserriko semea aita eta Modesta Gastesi San Sebastian ama, lizartzarra izatez. Ezkondu zirenean jarri ziren bizitzen Satsain baserrian.

      Seme-alabak: Bittori (txikia zela hila), Maria, Joxe Mari, Ramon, Joakina, Ixabel, Pilar, Iñaxi eta Tomasa.

      Iñaxi, ezkonduta, etxean gurasoekin, senarra Joan Bta. Artola, Berastegikoa jaiotzez, eta hiru seme hauek izan: Joxe, Patxi eta Migel Anjel. Urteen burura etxea saldu eta familia osoa Ereñotzura jaitsi zen. Gaur egun Lujanbio familiak dauka asteburuetarako antolaturik.

      Mendi etxea, behiak eta laurogei bat ardi izaten zituzten. Esnea Abillatsera, Agirre esneketariari. Arkumeekin ere ongi baliatzen ziren. Artoa, babarruna eta baratza. Intxaur asko, gazta, arrautzak, barazkiak... larunbatetan ama kaJera, etxerako olioa, azukrea eta xaboia ekarriko baziren. Aita, negu partean, mendiko lanetan, sasi garbiketan, pinua landatzen, entresakak egiten, etab. Bi anaiak ere, gauza izaten hasi zirenean, morroi lehenik, kanpora lanera. Eskola Fagollagan, ez zegoen Ereñotzun eskolarik orduan.

      “Nola bizitzen ginan? Ahal zen bezala moldatzen ginan. Ahizpa zaharrena josten ibilia zan eta hark moldatzen gintuan batak bestearen arropak erabiliz eta. Arditan, soroan eta etxeko lanean ondo hezitako neskak ginan”.

      Urik ez etxean. Etxetik aurreraxeago zuten iturria. “Baina garbi azaltzen ginan nonahi ere. Ama bera, larunbatetan kalera joateko, ura berotu eta barriñoi handi batean burutik oinetara garbi-garbi egingo zen. Eta alabak berdin.

      Dolarea, bai, bazuten. Pisoia erabiltzen zuten sagarra jotzeko. Zuhaitz enbor mokor bat zen hau, erdi-erdian kirtena zuela. “Sagasti eta sagar ederrak ziran gurean”.