Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Iturralde

 

      Ez du molako sekreturik izenak: iturria + alde, etxe ondoan iturria. Nomenclator zerrendan (1870) azaltzen zaigu Tturralde baserria. Latsa auzoan, fabrika galduaren ondotik gora abiatu, Latxe Zahar baserriaren hondakinak ezkerretan utzita, galtzekorik ez dago, zeren eta trenbideko hiru trabesaz baliaturik bi zutik eta bestea zeharka Iturralde izena euskal hizkiz poliki ipinita baitago. Akola mendiaren hegaleko zokogune batean, egutera betean daukagu etxea, orain jatetxe dena, aparkaleku txukun bat aurrean eta gordailu bitxia alboan duela.

      Mendietxe edo baserri kaxkarra izanaren trazak ditu Iturraldek. Gaur egim erabat berritua, lehengo horma nagusietan. Erreka harriaren iduriko harria, zura eta adreilua gainerakoan, elementuok denak agerian. Etxearen barneak museo etnografiko baten airea du, inon diren antzinako lanabes eta tresneria ikus daitekeelarik.

      Maria Pilar oraingo etxekoandrea Andoainen jaioa da, ordurako aita eta ama hara joanak zirelako. Aitona, Pedro Joxe Antzizar Lekuona, oiartzuarra eta amona, Tiburtzi Iraola Pagola ziren. Hona hauen seme-alabak: Maria, Mertxe, Joan, Antonio, Manuel, Pepita, Bittori eta Martin. Gerora, Martin seme gazteena bizi izan zen aitonarekin baserrian.

      Ekoizpen berezi nabarmena, behi bat edo beste eta etxerako zerriaz aparte, baserri honetan arrautzak ziren. Oilo multzo handia izaten omen zuten, aitari entzunda. Oilo saila, librean, etxe gaineko baso hegalean, oiloak nonahi arrautzak egin eta txitak ateratzen zituztelarik. Hauek, bai, baserriko arrautzak, ez da horretan duda izpirik.

      Amona astean bizpahirutan mandoan arrautzak eta barazkiak hartuta kalera, olioa, bakailao pixka bat eta panpinoa (arrain merkea, zer den jakitea ere...) etxerako ekarri ahal izateko.

      Beste oinarri bat bazuen baserri honetako ekonomiak. Mandazain ziren etxeko gizonezkoak, baso eta mendietatik ikatza eta egurraren garraioa burutuz.

      Pilar, nire solaskideak dio, aitaren esanetan, haiek ez zutela sobera gose pasatu zeren eta baba, irina eta beste, batetik edo bestetik (kontrabando puska bat tarteko), zerbait beti etxeratzen baitzuten.

      “Gosea edo tripa kontuak aipatzean istorio bat kontatzen zuen beti aita zenak”. Aldi batean Aginagako (Usurbil) baserrietan egur garraioan eta simaurketan ibili zirenean, gosaltzeko nola egunero angulak tortillan ematen zizkien. Dena den, gurasoek Andoainen egin zuten bizimodua, aitak beti mandazain izaten jarraitu zuelarik.

      Azkenik, senipartekoak banatu eta aitak gelditu zuen jabetzan baserria. Suak erreta erabat abandonaturik zegoen eskuratu zuenean. Etxea birmoldatu eta asteburuetarako prestatu zuten. Mari Pilar eta Lorentxo Mendiola senar-emazteak, andoaindarrak biak, bi alaba dituzte, Aitziber eta Eider. Senarra langabezian gertatu, eta orduan etxea jatetxe bihurtu zuten.