Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Epele Borda

 

      Ardi borda izana omen, esan beharrik. Anttoni etxeko amona (84 urte) ezkonduta hona etorri zenean, baserri sastarra, baserria baino areago borda zela artean, ziurtatzen du. Epela auzoan, kasko batean kokaturik dago etxea, Anttoni amonak umore onez beterik, “bertatik kukurruku jotzeko moduan” dagoela dio.

      Bi isuritako etxea da, biak baserri izanak. Gaur egun erabat berrituak. Maizter izan ziren. Haurrak txikiak zirela, saltzera atera, erosi zuten baserria, hamar mila duro pagatuta. Baserri multzo baten jabe omen zen nagusia, Rocaverde markesa: Alkatxurain, Lastaola Goikoa, Epele Torre...

      Ormigoiz eginiko egitura du orain.

 

ALBIZTUR Familia

      Anttoni amona bertako alaba ote zen jakin nahi eta...

      —“Bai zea, ni asko korritua naiz. Leaburun jaio, aita eta amarik gabe gelditu, eta Alkizara aiton-amonengana asto saskian sartuta eta handik familia osoa Lastaola-Sarobera ijitoak bezala astoa eta trasteak hartuta”. Ezkondu, norabait jo behar eta, Epele Bordara. Orduan hemengo familian, amona alarguna Maria Joana Galardi eta aitonaren anaia Eduardo Albiztur. Eta seme-alabak: Joxe, Agustin senarra, Pako (Teruelgo frontean hila), Antonio, Iñaxi eta Isabel, bizi ziren.

      Agustin etxera ezkondu, Anttoni Aranburu Mendizabal (gorago esan dugu Leaburun jaioa). Seme-alaba hauek izan zituzten: Joxe, Jeremias, Julian, eta Mari Isabel. Gero, Joxe, etxean gurasoekin, emaztetzat Mari Iturbe Apalategi, Ikaztegietan jaioa, eta Maialen hauen alaba.

      Etxean orain Joxe eta Mari senar-emazteak, Maialen alaba eta amona Anttoni bizi dira. Hau, gangrena sortuta ezkerreko zangoaren faltan gurpildun aulki batean. Baina dena ez zaio falta, burua bere lekuan dauka eta umore puntta bat ere badu berekin.

      “Bizimodu gogorra benetan. Maizterrak ginan, etxea guztiz zaharkitua, saltzera atera eta erosteko dirurik ez”. Lauzpabost behi izaten zituzten, aberea ganadu jatena etxeratzeko. Esnea Biyak Bat fabrikara. Goizeko 5:00etan jaiki, jai eta aste, 6:00etan esnea eramateko. Amonaren garaian, berriz, hau buruxesteran aza batzuk eta “etxean ziren arrautza guztiak hartuta kalera”, etxerako zerbait ekarriko bazuen.

      Gero, erriberako lurrak Elektrokimikak jan zizkioten. Salmenta ona egin a! zuten galdegin diodanean.

      —“Pentsatzeak ere oraindik amorrazioa ematen dit!” Ez dut garbi ulertu amorrazio horren zergatia, edo diru gutxi jaso zutelako ordainez ala lurrik gabe gelditu zirelako. Bigarren hau nik neuk esango nuke. “Eskerrak lehendik lanean hezita ginan! Hala ere, hemen ikasi nun behiak jezten”, jarraitzen du esanez.

      Aita lanera, erreleboan, Elektrokimikara. Terrenoak bereak, lehenengo langilea izan omen zen bertan, eta han jardun zuen, begitako tentsioa medio, itsutu zen arte.

      Behiak kendu, “ez nahi ordurako” dio orain amonak, aitari pena ematen bazion ere.

 

IRAOLA Familia

      Joxepa Lete izan zen bertako amona. Gurasoak, aita Praixku Leonet Oiartzabal, Izenederko semea eta etxeko alaba ama, Maria Bikendia Lete. Seme-alaba hauek izan zituzten: Isabel, Iñaxio, Anttoni, Joan Bta. Pilar, Periko, Joan eta Kristina.

      Nahiko lana izandako eta zoritxarrak ongi zafratu edo kolpatua izan zen familia da hau garai batean. Kristina jaiotzerakoan ama hil eta 78 urteko amonarekin gelditu ziren, zaharrenak 13 urte, eta segidan beste zazpi, txikiena jaio berria. Isabel bera (buruko gaitzak jota) gazterik joan zen (22 urte), gero Joan Bta. (petxutik, 30) eta Periko (soldadu zegoela, 22 urte).

      Pilar etxerako, senarra Alejandro Iraola Ostolaza, Kaskazuri (Urnieta) baserriko semea, Joxe, Maria, Anjel eta Joxe Antonio seme-alabak izan zituztelarik.

      Joxe etxean gero, Rosario Izeta Pagola emazte harturik. Hau Urnietako Mozotegi baserriko alaba. Joxe Manuel, Alejandro eta Ane seme-alabak.

      Joxe eta Rosario, senar-emazteak eta amona Pilar bizi dira orain etxean.

      Praixku aita harrobira joaten zen lanera (Epele-Etxeberriko harrobira). “Orduan dena eskuz egiten baitzan, batak pistoletari heldu eta bestea mazoarekin joka ari izaten ziran”.

      Lau behi, baratze pixka bat, erribera lurrak bai, “baina errentan bizi ginen mila pezeta Eguberritan”, dio nire solaskide Anttonik (84 urte), “eta kapoi parea eta beste kapoi parea San Joanetan”. Arto eta babarrun asko. Neguan babarrun puska bat saltzen omen zuten “esne askorik etzan izaten eta”. Oiloek ere, negu garaian batik bat, ez zuten arrautzarik egiten “ez ziren orain bezala gobernatzen ere. Nahiko oilo onak bai, gizenak, arto hutsarekin”. Orduko esnearen prezioa, 30-40 zentimo tarte horretan ibiltzen zan honek salmenta ona zuenean, eta txarrean (udaberrian ugariago izaten zenez) 15 zentimotan eman behar”.

      Plazan (Donostia) aski borroka ibiltzen zuten kimikoekin, agidanez. Behin, Pilar ahizpa gazteagoa, esnearekin joan da eta kimikoak gradu gutxi zeukala, saltzeko ez zegoela kondiziotan esnea eta jendeari dohainik emateko. Honek “saltzeko kondiziotan ez badago doan emateko ere ez” eta arraskan behera bota omen zuen, kimikoari, esaten den bezala, hortzak erakutsiz. Duintasunak erc bazuen (eta badu) bere prezioa, hala fede!.

      “Bizimodua? Nahiko zaila, esan dizut. Hamaika urte nituela, neskame joan nintzan dio Anttonik. Hara, hortik atera kontuak. Bi ontza txokolate izaten genitun askaltzeko hiru lagunentzat. Nik txupatuz jaten nun nere zatia, hozkaka amen batean jaten baitzan. Ogia bai izaten zuten (gerra aurreaz ari gara) baina neguan taloa janaz asetzen ginan”.