Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Okendo-Enea

 

      Bi bizitzako etxea orain eta aspaldidanik, baina bakarra garai batean (ikus eskriturak). Koxkorra zela diote, han puska eta hemen puska erosten joan, etxea osatzen berebat, eta etxe eta lur bi zati egina. Hona zertan bilakatu zen garapen horren emaitza.

      Historiako Okendo almirantearekin ikustekorik izan ote zuen Okendo honek askotan pentsatu eta buruan erabili izan omen du, dio Maria Jose bertako alabak, “baina. nola jakin horrelakorik”? Bere horretan utzi dugu izenaren arazoa.

      Lastaola-Lepa Txiki bidean gora gaintxo batera heldu eta hortxe kokatzen dira Okendo-Enea deitu bi baserriak. Biak sarrera bide aldetik nola iparraldekoak hala hegoaldekoak. Honek ukuilua etxepean eta ezkerrera etxeordekoa; hark, eskuinera, etxetik at, bai ukuilua eta bai etxeordekoa bere ganbararekin. Biak ere erabat berrituak, biak kabiera handikoak eta oraingoz behintzat martxa onekoak. Oraingoz diot, bateko bi anaiak eta besteko semea ezkonge daudelako, hirurak.

 

MARIEZKURRENA Familia

      Berastegitik etorri zen Mariezkurrena familia, handia nolanahi ere. Guraso ezkonberriak, aiton-amonak, lau osaba eta izeba. Seme-alabak hemen jaioak dira denak: Joan Mari, Mari Jose, Martin, Arantxa, Jose Inazio eta Belen. Gaur, Joan Mari etxean, aita hil zenez geroztik, izeba Kontxita laguntzera etortzen zaiolarik.

      Lauzpabost behi izaten zituzten, idi parea, zerri bat urtero, ardi ale batzuk, hogeita hamar bat oilo eta behorra orgarekin esnea kakra eramateko. Sagar puska bat izaten zuten, etxerako eta gehiago. Itzain ibiltzen zen aita: etxeko lanaz aparte, basoan, gorriketan eta azpigaia garraiatzen.

      Baserritik bizitzeko egungo egoeran Joan Mari utzi ala hartu aukeratu beharrean gertatu zen orain urte batzuk. Bigarrenari heldu zion. Gaur hogeita hamar behi dauzka Joan Marik, beste hainbeste bigara, oiloak, baratze pixka bat eta hamabost bat ardi. Zerrautsa azpietarako, garai bateko lanik ez Epela erreka eta Onddiko hegaletan behintzat. Segadora, traktore, behiak jeztekoa eta makineriaz inguraturik dago.

      Oroitzapen bitxi bat badu. Orain, ogia egunkaria, arraina eta etxera behar dena ateetara ekartzen dizute. Garraio honen hastapenak Ariztimuñotarrek burutu zituztela, bizikletaz bere erremolkearekin ogia baserrietara ekarriz.

 

ITURRALDE Familia

      Iturralde familia. Gurasoak, aita Eusebio Iturralde Iturzaeta, Nuarbekoa jaiotzaz eta ama, Joakina Vitoria Arbe izan ziren. Seme-alabak: Manoli, Anttonio, Agustin, Gregorio, Luis, Milagros eta Mari Jose. Orain, etxean, Anttonio eta Agustin ezkongeak eta Mari Jose anai-arrebak bizi dira. Hau ezkonduta, senarra Jesus Mari Illarramendi, Martutenekoa, eta Iñaki eta Aritz bi semeekin.

      Bost behi, zekorren bat edo beste, zerri bat edo bi, eta zerrama, esnearekin Donostiara joan eta itzuleran txerrijana ekartzen baitzuten etxera. Baserri koxkorrak ziren Okendo hauek diote Agustin eta Mari Jose anai-arrebek. “Pentsa Onddin ere belar zaharra etxeratu behar izaten genun”. Aita lanera kanpora familia aurrera aterako bazen. Bizikletaz Pasaiara, erreleboan egunero. Eguraldi txarrean, esku batean aterkia eta bestean bizikletaren manibelari eutsi ezinik, eta zenbait alditan blai-blai eginik lanera iritsi. Bidea nondik orduan?

      Okendo abiapuntu, Irin Fabrikatik (laburrago) Martutene-Egia-Jai Alai-Mirakruz eta Pasaiara joan-etorria. Oporrak urriko hilabetean irastorra Muniskue aldetik eta Epela errekatik etxeratuko bazuten.

      Aldi batean ama esnearekin Donostiara joan gabe egon behar izan omen zuen. Zergatik eta aitak haur bakoitzeko puntuak jasotzen nonbait eta delako puntu horiek jasoko bazituzten. Miseri bat izango zen guztira ere baina...

      Eta nola ote zen, aldiz, aiton-amonen garaiko bizimodua? Dudarik ez, gogorragoa. Hara, nagusiak etxea erosi ala etxetik irten, arazo larriaren aurrean ipini zituen.

      Zer egingo eta erostea deliberatu. Ez ziren oraingo milioi hotsak, baina sekulako dirutza zen 25.000,- pta. Lagunarteko jendeari dirua kendu, %4,50 interesa zuelarik. Aita ezkonduta irabazian hasi bitarte, soilki interesak pagatzera iritsi omen ziren “baina tronkoa osorik” beti ere.