Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Osinaga

(hondakinak)

 

      Hernaniko baserririk onenetakoa izana dugu Osinaga baserria, diru-hotsekoa gainera beti. Ez da kasu bakarra. Herri askotan gertatu da horrelakorik. Baserri ona, erosoa, ongi egokitua, aparta eta nahi dena, baina behin gainbehera abiatzean, lur jotzeraino erori ere egin dena. Hauxe da Osinagaren kasua. Etxe nagusia, auzoari izena eman diona, eta gaur egun hondakinetan ia desagertua.

      Berrondotarren familia bizi izan zen hor eta oraingoen aitonaren garaian ezagutu zuen loraldirik bikainena baserri honek. Dolarea eta sagardotegia, errota eta argindarraren zentrala zituen osagai.

      Osinagak sagardoa eman du gaur bezainbat ardo kontsumitzen ez zen garaian. Osinagak eguneroko ogia eman du, errota eta irina baitzuen berekin, taloak jan ahal izateko, lehengo ogia hain zuzen, orain tarteka baino dastatu nahi izaten ez duguna. Osinagak argindarra egin du hainbat urtetan zehar berak zeukan makinetxean. Argi eskasa, ipurtargia nahi bada, baina aurrerapen galanta izan zela ezin uka aurreko kriseilu eta kandela-argiarekin parekatuz gero.

      Alabaina, ororen buru, aro berriek diote aurrea hartu Osinagari eta honek aldi berean ez du jakin denboraren parean ibiltzen. Aurrera egin ez eta atzera gelditu, horra.