Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Iparragirre | Itsaspuru (Itxas Buru) | Lepa Txiki (Perrapa)

 

Itsapuru

(Itxas Buru)

 

      Nolanahi ere, itsasoaren erreferentzia garbia erakusten du baserri honen izenak eta noski, izanak berebat. “Itxas-Buru” azaltzen zaigu etxearen fatxadan, “Echaspuru” Nomenclator zerrendan (1870) eta “Echazpuru” eskrituretan. Oroitzapen bitxiak gordetzen ditu Asentsio etxeko jaunak. Hala nola, Oianeder/Itsaspuru baserri bion tartean, Zikuñagarako zubi dilindaria baino goraxeago bazen agidanez “ur bixi” deitu puntu bat Urumea ibaiak eta itsasoak elkar topatzen zutena. Txalupak ere, dio, garai batean puntu horretaraino heltzen zirela eta Zikuñagako Ama Birjina halaber, arrantzaleen zaindari zela esan dit.

      Izokinak izaten omen lehen, 12-14 kilokoak ezagutu dituzte. Lau hortzeko garranga bat erakutsi dit lekukotasuna aitortzeko edo. Aingirak eta amuarrainak ugari, eta nik neuk inoiz entzun ez dudan arrain mota kurtsibat, harrapatzeko zaila dena, zeren eta oilarra bezala xapala omen eta harri edo hondar azpian gordetzen baita, soilik begia erakutsiz.

      Osinaga auzoan Portutik Urnietara (Harlimurin barna) doan bidearen eskuinetik mendixkaren hegalean, bidearen ezkerretik Urumea ibaia doalarik, Oianeder pasatu eta auzoari izena eman dion Osinaga baserria baino lehenago aurkitzen da Itsaspuru baserria.

      Lehen, bi isuritako etxe zabal handia zen, iparraldeko isuria aski handia bazuen ere, hegoaldekoa askoz luzeagoa, luzagarri horren azpian ukuilua babesten zelarik. Etxe barrura sartu eta eskuinera zegoen sukaldea su baxua eta ekonomikaz horniturik. Ezkerrera gorako eskailera, eta hauen azpian etxeak ematen zuen heinean ukuilua bereizten zuen hormaren kontra upelategia, barrikak bi apaletan ipinita. Ukuilu gainean sabaia, belar onduarentzat, atzetik mandioa zuela, eta ganbara zabala etxearen goian artoa eta babarruna, gorde sagarra... edukitzeko, bi leiho aurre aldera zituela.

      Obra egin zenean, poste-aldi bat ezarri zitzaion etxeari iparraldetik, gerora berrikuntza gehiagorik izan zuen arren, ukuilua sagardotegi bilakatuz, belar zuloa dolare eta jangela eta eranskin berriak ezarriz.

      Asentsiok (58 urte) aiton-amonak ezagutu zituen. Aitona, Zabalaga baserriko semea, Martxial Intxauspe eta amona, Errotaran-Erdiko alaba. Eta hauen seme-alabak: Fermina, Joxepa, Maria, Rafaela eta Joxe.

      Joxe gelditu etxean. Seme bakarra soldadutzatik libre, baina soldadutzara gerrakoan. Ezkondu, emaztea Justina Aranburu Galdos, Balastain baserriko alaba (Sorabilla). Eta seme-alabak: Anjela, Asentsio, Joxe Luis, Mari Karmen, Hilario, Joana eta Iñaxio.

      Ondoren Asentsio etxean, Maria Pilar Irizar Isasa, Martuteneko Lukas-Enea baserriko alabarekin ezkonduta. Hiru seme-alaba: Igone, Antton eta Karmele. Gaur egun Asentsio eta Pilar senar-emazteak bizi dira baserrian, Pello, etxeko bezala 47 urtetan berekin bizi den apopiloarekin.

      Aurreko gurasoek baserriari atxikirik bizi izan ziren. Esnea eta barazkiak izan zituzten orduan (San Martin plaza, Donostia) bizimoduaren oinarri. Dolarerik ez baina sagarra franko bai eta Maiorazko-Enean (Don Fermin-Enea) sagardoa egin ohi zuten. Bestalde, basoaz ongi baliatzen ziren, zura eta su egurra ateratzen zuten. Zura, akazia esaterako, lera eta kurtetxeak egiteko; platanoa, arraunerako palak egiteko; lizarra, aitzur, mailu eta beste kirtenak egiteko. Esan gabe doa, ilargiak horretan zer nolako zerikusia daukan. Artesitu egiten bestela. Su egurra, bestetik, laguntza polita izaten zela etxerako dio Asentsiok, gurdikada berrogeita hamar duro kobratuz.

      Gerora, anartean Asentsio eskolan zebilela aita hil, berak hartu behar izan zuen baserriaren ardura. Bi oinarri sustatu zituen honek etxean. Sagastiak landatzea, jendea pinua aldatzen ari zen garaian. Erotzat hartu omen zuten batzuek, eta tartean, makurrena, gaur egun sagardogile diren batzuek. Eta abeltzaintza. Astiro baina hamabost behi izateko bideari ekin zion, gero hogeita bost buru izatera heldu bazen ere.

      Ondorioz, Donostiarako bidea utzi eta Hernaniko etxeetara esnea, astoa Plaza Berriko barra bati lotuta. Oraindik bai omen du, astoak arbustuak marruskatu eta Rikardo agoazilaren salaketa bat ordaintzeke.

      Aldi berean baratzegintza birmoldatzeko bidea urratu zuen, negutegiez horniturik. Zer etekin modu izaten zuten garai horretan galdegin diot. “Urteko berrogeita hamar mila letxu eta hiru mila tomateren ekoizpena”, izan da erantzuna.

      Ororen buru, sagardotegiaren oinarrira makurtzen joan dira, ganaduak pixkaka gutxitzen eta uzten joan direlarik eta Ibarrako piperra lantzeari eutsiz.

 

Iparragirre | Itsaspuru (Itxas Buru) | Lepa Txiki (Perrapa)