Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Iparragirre

 

      Horrelaxe, euskal grafia eguneraturik, idatzita dauka izena baserriak fatxadan gailurraren azpian eta leiho nagusiaren gainean. Hala-hala, “ipar” eta “agirre” edo agerre hitzen konposaketa dela ere begi bistan dago. Besterik izango litzateke nondikakoa den Iparragirre hori jakitea. Alegia, zinez etxearen izena ote den ala etxeko nagusiren baten deitura hartua ote duen etxeak. Antonio etxeko nagusiak (71 urte) etxearena dela entzun izan du beti.

      Osinaga pasatuta Loidiko bidegurutzean ezkerrera jo eta Urumea ibaiaren bihurgunea jarraiki, Altzuetatik hurbil, ibar eskuinean, aurkitzen da Iparragirre baserria.

      Obra egin berria, teilatua eta pintaketa lana, etxea lehengo egitura berean mantendu dute. Bi isuriko etxea da izatez, karratua bailitzan, luze-zabalean berdina dena, atzean eranskin bat, sagardotegia, eta alboan oilategi izandako estalpe luzea duelarik.

      Fatxada egokia balkoi-terraza eder batekin eta, gauza jakingarria, mandioa fatxadan berean eskuineko kantoian.

      Antonio nire solaskidea, ezkonduta Iparragirrera bildu zenean ama alarguna Benita Iguaran Beobide zen, sortzez alkizarra eta seme-alaba hauek bizi ziren: Migel, Mari Karmen, Joana eta Maria Pilar.

      Mari Karmen Beobide Iguaran, etxeko alabak Antonio Eguzkitza Arregi Aiako semea senartzat harturik bi alaba izan zituzten: Arantxa eta Ana Mari.

      Orain Antonio aitona, alarguna, eta Ana Mari eta Esteban Mateos Diaz (oso haurra zela familiarekin Aranora etorria) senar-emazteak bizi dira Andoni eta Lierni seme-alabekin.

      Antonio, ezkondutakoan, nahiko juxtu aurkitzen zen familia. Lehenbiziko lana ukuilua birmoldatzea izan omen zuen honek. Baratzeak betidanik zuen garrantzia etxe honetan. Gainera, dolare koxkor polita zuen familiak garai hartarako. Oilategia ere aski ederra. Gauza jakingarri bezala, ekimen berezi bat burutu zuen familiak, eta hainbat urtetan zehar burutu ere: konpuestoa deitu ongarria egitea lurrarentzat.

      Lehen esnea (behi pintoak) eta orain haragia (larreko behi gorriak) dira oinarrizko ekoizpen Iparragirre baserrian, baina horretaz aparte, sagardogintzak hemen zeregin nagusia betetzen duela ere ezin uka.