Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Belamendi (Elola) | Elorribia (Elorrabi) | Elorribi Etxeberri

 

Elorribia

(Elorrabi)

 

      “Elorrabi Sagardotegia” dauka egun, euskal hizki dotorez fatxadan ipinita izena. Herriko jendearen ahotan ere halaxe entzun ohi da gehienetan. Baina Elorribia da bere izen jatorra. “Nomenclator” zerrendan (1870) Elorrabia izenez datorren arren, 250 urte aurreko “Hamarrenak” zerrendan (1610) Elorribia ageri zaigu. Bere esanahiari buruz, ez dago zailtasun handirik: elorri eta ibia (pasabidea) hitz konposatua. Azken urteotan, “ibi iraunkorra”, esaterako, administrazioaren korrontean sartu den hitz arrunta da.

      Ibaiak orain mendiaren kontra egiten du bere ibilbidea. Lehen, ordea, garaien batean joan Bautista etxeko nagusiak etxetik aski hurbil zihoala adierazi dit. Oraino bada hor toponimo eder batek harturiko zelaia, “Portu” izenez ezagutzen dutena, portu izana, hein batekoa edo bestekoa, berak dioenez.

      Osinaga eta Loiditik barna Urumea ibaia jarraiki, Altzueta, Iparragirre baserriak pasatuta, hauek bezalaxe ibar eskuinean, aurkitzen da Elorribia. Ibarluze aldera ibaia zeharkatzeko, zubixka bat du etxetik hurbil, zubixka dilindaria, oholez eta kablez baliaturik egina. Oroitzapen triste batek markaturik gelditu zen zubixka dugu hau: 1978ko San Joanetan estropadak ikusten jendez mukuru beteta zegoela, hautsi eta sei lagun ito ziren zoritxarreko eguna bilakatuz. Harrezkero Amilibia du izena zubixka honek. Amildu zireneko ibia, alegia.

      Orain, biziki etxe ederra dugu Elorribia baserria. Funtsean bi isuritako etxe handi bat da eta beste estuago bat, hau ere bikoa, bata besteari itsatsita eta azken honen hegal bat bailitzan, are koxkorragoa den beste hirugarren bat ezkerretan. Askoz soilagoa zela esan behar ia oraintsu arte, oro har, guztia.

      Joan Bta etxeko nagusiak (66 urte) Frantziska Etxeberria Zipitria, Andoaingo Sorabillako alaba eta beronen seme-alabak ezagutu zituen: Florentina, Maria eta Manuel.

      Florentina Izagirre Etxeberria etxera ezkondu Iñaxio Goikoetxea Beobide, auzoko Altzuetako semearekin eta honako seme-alaba hauek izan zituzten: Joan Bautista, Joxe Mari, Maria Felisa (istripuz hila), Nikolas, Joan, Antonio, Mari Koro, Manuel eta Joan Luis. Hauek bakoitza bere bidea hartzen joan ziren eta Joan Bta gelditu zen etxean emaztetzat Maria Pilar Belaunzaran Kortadi Urnietako Ormazarreta baserriko alaba hartuz. Seme-alaba hauek izan dituzte: Simon, Joxe, Xabier, Arantxa eta Ana Mari.

      Orain, etxean, gurasoak eta bost seme-alaba bizi dira, Arantxa ezkonberria bere senarrarekin, Joxe eta Xabier kanpora lanera joaten direlarik, eta aitaren anaia Nikolas.

      Sei behi eta baratze puska bat lehengo denboretan. Idirik ez, aski lur onak direlako. Astoa, zerri pare bat urtero, dozena bat untxi eta berrogeita hamar oilo.

      Amona zena egunero Donostiako San Martin plazara. Etxe honek izan du arropa garbiketaren tradizioa ere. Oraino etxearen alboan bizirik dago zapi langeta deitu lur zerrenda bat zubixka aldera zuzendua. Izan ere Donostiako hartzaile handikien arropa zikina ekarri, garbitu, lehortu eta lisaturik eraman ohi zuten, barazkien eta esnearen salmentaz aparte, etxerako sos batzuk gehiago biltzearren. Gero, Pilar oraingo etxekoandreak jarraitu zuen Donostiarako joan-etorria egiten.

      Duela hamar urte, behiak kendurik, baratzegintza ere murriztuz, sagasti ederrez jantzirik daude Elorribiako lurrak. Sagardoa da baserri honetako bizimoduaren oinarri gaur.

 

Belamendi (Elola) | Elorribia (Elorrabi) | Elorribi Etxeberri