Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Teileria | Txandre-Enea | Zelaia

 

Txandre-Enea

 

      Izenak zer esan nahi ote edo nondik norakoa den galdegin diot lehenengo eta behin Maria Rosario (52 urte) bertako etxekoandre eta nire solaskideari. Ez du inongo aztarnarik. Nik neuk Txandia Etxandia den bezala edo Txaide Etxaide den bezala Txandre Etxandre ote den susmotan nago. Ez litzateke batere harritzekoa hala izatea.

      Bigarren karlistadan Santa Krutz hemendik ibilia zela aurrekoei entzunik ikasi zuen Rosariok eta etxeak erreta izandako kedar arrastoak badituela, dio, horma nagusietan. Are gehiago, eta hau beste iturri batetik bildu dut. Agidanez, Santa Krutz gerlariaren hiru kapitainetarik bat, “Luxia”, Txandre-eneko semea zen, eta etxearen horma nagusietan kedar arrastoak ez ezik, etxea txukuntzerakoan azaldutako orduko balak ere kontserbatzen dituzte.

      Ez omen orain bezalakoa Txandre-Enea. Orain nahiko handia da. Hala ere, lehen sukaldea orain baino handiagoa zuela dio, eta sala ere bai. Lehen ganbara, orain etxebizitza. Berritze lanetan ari dira une honetan, gainera. Dolarea zuen eranskin modura mendebaldetik. Ukuilua eta upelategia etxepean. Bestetik, sagardotegi izana eta lehenengoetarikoa auzoan.

      Amak sarri aipatzen omen zuen nola garai batean Donostiako elkarte gastronomikoetatik, Ergobiara tranbian, etorri ohi zen jendea eta kaxuelak, bakailo tortillak eta, nola prestatzen zituen haientzat. Dena den, sagardo onen sona izandako baserria dugu Txandre-Enea. Txirrita bertsolariak oso berea zuen sagardotegia da hau Txalaka, Maldaburu eta besteak beste Patas perratzailearekin batera.

      Gurasoak, aita Migel Larrarte Agirrezabal, albizturtarra jaiotzez, eta ama bertako alaba zituen, Anttoni Zapiain Portugal, eta alaba bakarra izan Maria Rosario. Eustakio Polo Loinaz, berriz, honen senarra, Hernaniko kalekoa, eta alaba bakarra hauek ere, Oihana.

      Aita lanera “Papelera del Norte” fabrikara, han zortzi ordu erreleboan eta gainerakoan baserrian. Behi pare bat, esnea zekorrei, zekorrak hazten baitzituzten eta baratzea. Rosario hamalau urte zituenerako hasi omen zen Donostiara bidean (Bretxa) barazkiak eta ahal zena harturik.

      Gero Xey Altzariak enpresan ibili zen lanean, beharrak bultzatua, agidanez, izan ere familian bai omen zen bete ezineko zulo bat, eta oroitzen da bere lehenengo soldatak zer nolako garrantzia izan zuen hor.

      Ezkondu zenean, etxean gelditu zen Rosario gurasoekin, senarra lanera, harik eta istripu bat izan eta mugaturik gelditu zen arte. Orduan ekin behar izan zioten indar berriaz baratzegintzari, egunero barazkiak saltzera Hernaniko arkupetara joanez.

      Sagardotegia desagertu arren, lagunarteko ohiturak jarraitu zuen gerora ere Txandre-Enean aldi batean. Igandero talde bat hamaiketakoa egitera biltzen zen. Behin lapa-zopa, bestean zurrukutuna (tipulaz egiten omen zuen ama zenak), bakailo tortilla...eta dozena bat sagardo botila garbitzeko gupidarik ez zuela izaten taldeak esaten du Rosariok.

 

Teileria | Txandre-Enea | Zelaia