Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Teileria

 

      Teila fabrika omen zen garaia batean etxeko zelaiaren aurrean. Hortik izena agidanez. Bi errekatxoren artean (Polipaso eta Atxorro) eta bi bideren artean (Urbieta eta Erroilaburu) kokaturik zegoen Teileria baserria. Etxetik oso aparte ez Buztindegi parajea, teilagintzarako buztina ateratzen zuten lekua, betelana eginik, gaur egim ezkutaturik badago ere.

      “Telleria baserria lehenik bi bizitzakoa zen, dio nire solaskide “Otsua” Joxe Manuelek espetxetik (Topas, Salamanca) bidalitako idatzi batean, teilatua hiru aldetara zuen, baina nik ezagutu nuanean, bateratua zegoen; gero, berritze batzuk eginda bi teilaturekin gelditu zen”.

      “Hor jaioa, hazia eta hezia ama gendun, Joxepa Beldarrain Arizmendi. Senideetan zaharrena bera zen, eta aita Joxe Errazkin Iraola Otsuane Txiki baserrikoa. Gure gurasoak, esan bezala, Joxepa eta Joxe ziren eta hortik sortu ginan lau senide, Antonio, Martin, Maitere eta Joxe Manuel.”

      “Gure baserrian ez degu lur sail handirik, horretaz gain ia guztiak oso aldapatsuak dira, etxe atarikoa izan ezik. Hemen ereiten eta landatzen zan etxerako eta hartzaileei banatzen zitzaien barazki gauza. Gehienbat artoa eta babarruna ereiten ziran, gero tartean arbia negurako eta pagotxa ganaduentzat. Ez gendun ganadu askorik izaten, lau edo bost behi eta beroeien txalak. Normalean urtebete inguru edukitzen genituen txalak, idiskoak baziren batez ere. Urrixa izan ezkero eta itxura onekoa, batez ere aitarentzat, ba gehien suiza arrazakoak izaten genituen, oso gustokoak zituen aitak, aurrerako gelditzen zan, noski ikuiluan zena zahartzen zenean aldatu ere egin behar zen eta”.

      “Lehiaketa askotan parte hartu gendun behi eta zekor suizar arrazako hoiekin; Aldundiak antolatzen zituen eta herriko jaietan batean eta bestean egitarauan saio bat izaten zen beti. Garraioa Aldundiak ordaintzen zuen, gero albaitariak eta beste batzuk ganadu guztiei begiratu bat emanez puntuaketa egiten zuten eta sailkatu ere, eta aurren samar atera ezkero, garaikurra lortzen zenduen eta diru pixka bat. Bazkaria gero. Kriston mugida izaten zen. Martin zena eta ni ibiltzen ginen lehiaketa horietan”.

      “Aberastasun handia izaten zan inguruko eta aparteko baserritarrekin egiten zendun harremana, batez ere ingurukoekin, ba askotan gertuenekoekin urte osoan etzenuen hitz egiten, eta horrelako bilerak zirenean puskatzen zen baserritarren arteko jela, dakizuten bezala hain ugariak izan dira liskarrak elkarren artean, eta askotan gainera aurrekoetatik zetorren zerbait, baina horrelako bilera zanean eta bazkaldu ere elkarrekin egin ezkero, kontu asko konpontzen ziren, lotuta gordean jasotako kontuei askatasuna emanez. Badut esaldi bat, gaur kalean bizi bada ere, baserritar peto-petoa dena eta behin lantokiko bazkari batean elkarrekin ginela bati gordeta nituen kontu batzuk bota nizkiolarik, hurrengo egunean elkartu ginanean hala esan zidan: “tarteka-tarteka ona dek ardo jan bat, barruan gorderik daudenak botatzeko hi!”

      “Gauza bera gertatu ohi zen, jarraitzen du esanez Joxe Manuelek, auzolanean bideak konpontzen ziranean. Lan horri ahaldia deitzen zitzaion, eta bide bazterretako sasiak moztu, estoldak garbitu eta bideko zuloak berdindu harri koxkor edo grabarekin. Goizeko zortziretan ahaldian hasi eta hamaikak aldera hamaiketakoa, bakoitzak bere ogitartekoa eta harekin trago batzuk zatoa ondo estutuz, “ardo jan bat” noizbehinka korapiloei askatasuna emanez”.

      Telleria baserriko lurrak, aldapatsuak gehienbat, ganaduentzat belarra eta sagastiak izateko egokituak izan ziren. Martin anaia lan asko egina omen horretan. Edotariko sagar mota guztiak bazituen honek, agidanez. Esaten hasita, Goikoetxe, Patsolua, Potrokilo, Baztan, Urtebia (txiki eta handia), Gezamina, Pelestina, Prantzi, Txalaka, Errezila, etab.

      Aitak “Mendia” paper fabrikan, labezain, egin zuen lan eta geroago Martinek ere bide bera hartu zuen diotenez. Gaur egun baserria desagerturik eta lehengo sagastiek ere bide bera eraman zuten, beste leku askotan bezalaxe.