Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Ariztegi

 

      Begi-bistan dago izenaren esanahia eta haritz hitza daramala ere bai sustraian. Aker- hegi deitu hegi horretantxe kokaturik dago hain zuzen Ariztegi baserria, gaur egun oraintsu abian ipini den errepide berriaren azpitik pasatu eta malda gora joaz.

      Zabala ez baina bi isuritako etxe tentea dugu Ariztegi. Ekialdetik sarrera, Akerregi aldetik lehorpe bat ere dolarearekin eta etxe ordekoa atzean, ukuilua eta mandioarekin.

      Joxe Mari etxeko nagusia (67 urte) izan dut solaskide, eta aita zenak ezkondu aurretik, dio, erosi zuela etxea. Aita, Migel Zelaia Bereziartua, izatez Gaintzakoa eta ama Joxepa Olano Egia ziren, jaiotzaz Orendaingoa hau. Hona hauen seme-alabak: Maria, Joxe Mari eta Joan Joxe.

      Joxe Mari gelditu zen etxean gurasoekin. Ezkondu eta emaztea Salustiana Irazusta Iraola Landarbaso (Errenteria) baserriko alaba, hiru seme izan dituztelarik: Migel, Martin eta Iñaki. Orain, aita eta ama Iñaki semearekin bizi dira Ariztegi baserrian.

      Gurasoek, bertan bizitzen jarri zirenean, etxea zaharkitua eta bazterrak abandonatuak aurkitu zituzten. Lanik asko ibili zuten oro antolatzen edo birmoldatzen. Lau behi izaten ziren etxean Joxe Mari mutikoa zela. “Amak oiloak eta zerriak gobernatzeko aparteko grina zun, semeak dioenez. Oilategi ona eta hiru zerrama ezagutu nituan”.

      Aitak, Diputazioaren mintegian (Landare futbol zelaia orain) lan egiten zuen. Egunez, eta esan gabe doa, horrek asko mugatzen zuela baserri lana tartekatzeko. Beraz, seme-alabek gaztetxo zirela ekin behar izan zioten baserriko lanari. Adibidez, Joxe Mari hau bederatzi urte zituenean behiak uztarrian soro lanean hasita zen, eta sobera eskola gabe, gainera, berak dioenez.

      Soldadutzara arte, baserria eta lan osagarri batzuk (eraikuntza esaterako) baina erabat baserriari atxiki zitzaion handik etorri ondoan. Emaztea esnearekin herrira. Gerezi, udare, sagar... fruta asko zuten garai batean.

      Epela Errekatik azpigarria. Lanik aski eta komeria franko izaten zuten etxe azpiko maldan gora (puntakoak behar) karga garraiatzeko.