Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Etxerreaga | Iturmendi | Larrabide

 

Iturmendi

 

      “Iturritxulo” deitu iturria omen etxe ondoan, oso iturri berezia eta polita gainera. Iduri du eta uste hori dute bertakoek hortik datorkiola etxeari izena. Gainera, harkaitz gainean eraikia dago, kasko-kaskoan, argitasun gehiagoren beharrik ez dago. Bi lizar handi, eukalitu eta beste inguraturik txukun eta tente daukagu Iturmendi baserria.

      Bi isuriko etxe luzexka, Hernanira begira, harkaitz gainean, eta eskuineko hormari atxikita etxe-ordekoa. Etxeak behean sukaldea eta ukuilua eta goian komuna, logelak eta “beheko ganbara”, eta hirugarren oinean “goiko ganbara”. Mandiorik ez eta, apika, horregatik deituko ziotela beheko ganbara esan digute anai-arrebek. Etxe-ordekoan dolarea, kanpoaldetik eskailerak dituela eta metro gutxira oilategia.

      Oraingo etxe honetan Mikaela Arruti amona ezagutu zuten aurrean ditudan Karmen (82) eta Joanito (79) Oiartzabal anai-arrebek. Honen lehenengo senarra Frantzisko zelakoan daude, eta Benita, Manuel, eta Maria seme-alabak. Karlisten gerrakoan Hernaniko udaletxe azpian bolborina nonbait eta Santiomenditik jaurtiki tiro baten ondorioz lehertu eta bera pare-parean harrapatu eta hila. Mikaela bigarren aldiz ezkondu eta Manuel gelditu zen etxerako, Adunako Maria Villaborrain, Fraisorotik jasotako herri-haurrarekin ezkondu eta Pilar, Patxi (ezkonge), Benito, Inazio, Karmen eta Joanito (ezkonge) izan zituzten. Karmenek Ereñotzuko Urmendi baserriko Angel Agirre senartzat hartu, Portu auzoan bizitzen jarri, eta hiru seme-alaba izan zituzten: Patxi, Manoli eta Joxe Benito. Alabaina, amari urteak pilatzen eta indarrak urritzen zihoazkiola eta, baserrira itzuli ziren esku bat eranstera. Angel, senarra, Loiolako hipikako harrobian lanean ari zela harri batek harrapatu eta hil zen 1960. urtean. Patxi, berriz, beti baserrian aritu zen eta Joanitok kanpoan, azkenean taxista Hernanin.

      Urteak aurrera, batzuk hil eta besteak ezkondu, Joxe Benito gaztea gelditu zen Iturmendin ama Karmen eta osaba Joanitorekin. Honek, ordea, euskararen eta kulturaren bidea jorratzeari ekin zion, eta baserrian jarduteko indarrik ez zegoenez, kale aldera etorri ziren mende berria estreinatzearekin batera.

      Oraingo baserria baino lehen beste bat zen Arizmendiko Montebideo deitu mendian, “etxe txiki-txikia eta inguru guztia haritzez josia”, esan didate aipatu solaskideek. “Bai, gure aurrekoek esaten zutenez zuhaitza besterik ez omen tzan inguru guztian, eta oiloak goizean kanpora ateratakoan aztarrika hasten zianean, ukuilu guztia orbelez betetzen omen zuten, eta bertan nahikoa azpigai izaten”.

      Iturmendiko Joxe Benito gazteak badu ardura bereziarekin jasotzen duen gauza preziatua, hots, Iturmendiko errenten kontu-liburua esango genukeena, eta honela dio lehen orrian: “Gaur avenduaren ogueigarren egunian, milla ta zortzieun ta larogueitabigarren urtian, Micaela Arrutic, Iturmendico Maizterrac, eman ero pagatudizkquit larogueita hamasei escutu lodi, ero milla bderatzi eunta oguei errial aurtengo errentaren partez, jaquiñarengañian errenta ortan sartuadala bi cupelaren errenta. Lenengo errenta guziyac pagatuac ditu,... Eta eguiyaren siñalian, pasata ustet emen azpiyan, nere izena ta nombria.... Hori horrela, Santo Tomas egunean joaten zirela errenta ordaintzera esan digu Karmenek, dirua eta kapoi parea besapean hartuta, eta bakailaoa eman ordainetan, ohitura zen legez, “azken aldera, ordea, bakailaoak gora egin zuen eta turroi pare bat ematen zizkigun”.

      Baserri ona, nolanahi ere, lur guztiak etxe inguruan, eta sekaina, txukuna baina harkaitz ondoko lur fina zenez, gauza ona ateratzen zen Iturmendin, eta besterik egingo ez bazuen ere, baserri ingurua txukun edukitzea gustatzen zitzaion Patxikuri.

 

Etxerreaga | Iturmendi | Larrabide